Alde batetik, dirulaguntzaren zati bat Irungo Harrera Sareari ematea erabaki du, «migratzaileei laguntzeko egiten duen lanagatik». Udalak oroitarazi duenez, «2018az geroztik, bertzeak bertze, jatekoa, arropa, garbitasuna eta osasun laguntza ematen die migratzaileei». Eta «pertsona guztiek harrera duina izateko eskubidea dutelako» lagunduko die diruz.
Bertzetik, aurten estreinakoz Nafarroako Herri Herri Txapelketan parte hartuko duen herri kirol taldeak hartuko du dirulaguntza. Gisa honetara, «gizonezkoek eta emakumezkoek eratutako herri kirol talde paritarioa» dela saritu nahi izan du, eta hala, «berdintasuna irizpide nagusietako bat» dela.
Horrekin batera, «helburu nagusia Arantzan herri kirolak sustatzea» dela kontuan izan du udalak. Horregatik erabaki du «gastuekin laguntzea». Nafarroako Herriz Herri Txapelketan bi saio eginen ditu herriko taldeak. Uztailaren 25ean Elizondon aritu zen taldea bertan garaipena eskuratuz, eta hurrengoa igandean Beran eginen du, 19:00etan Eztegara pilotalekuan. Finalera sailkatzen bada, abuztuaren 27an jokatuko du Añorben.