Lesakan bisita gidatuak eskainiko dituzte uztailaren bukaeran eta abuztuan

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 27a, 18:00
Harriondoatik abiatuko dira larunbat eta igandetan eskainiko diren bisita gidatuak.

Bisitariek eta herritarrek asteburuetan egingo diren bi bisita gidatuen artean aukeratu dezakete: 'Lesaka: gure kulturaren sorterria' eta 'Lesaka: pelikulen eszenatokia'

Iaz egin zuen bezala, Lesakako udalak aurten ere bisita gidatuak eskainiko die bisitariei eta herritarrei. Hauek bi bisita gidaturen artean aukeratu ahalko dute: Lesaka: gure kulturaren sorterria igande eguerditan eta aurtengo berrikuntza, Lesaka: pelikulen eszenatoki larunbat goizeko hamaiketan.

Lehenengoa, Lesaka: gure kulturaren sorterria, iaz ere egin zen eta Lesakako arkitektura, tradizioak, historia... azaltzen ditu. Lesaka herritik paseotxo bat ematean datzan bisita honek ordu bateko iraupena du gutxi gorabehera eta igandetan 12:00etan eginen da (uztailaren 31n eta abuztuaren 7, 14, 21 eta 28an.

Bigarren bisita gidatuak Lesaka: pelikulen eszenatokia izenburua dauka eta aurten lehenengo aldiz eginen da. Herriko txokoak ukitzen dituen bi orduko ibilbidea da eta Lesakan filmatu diren pelikulen azalpenak emanen dira: El Cantor de México, Campanadas a Medianoche, La Fuga de Segovia, El guardián invisible edo Akelarre, bertzeak bertze. Lesakako txokoak pelikula hauetan nola azaldu ziren ikusteko aukera izanen dute bisitariek, baita, Orson Welles edo Luis Mariano bezalako aktore eta zinemagileen larruan sartzeko ere. Bisita gidatu hau larunbatetan eginen da 11:00etan, uztailaren 30ean eta abuztuaren 13, 20 eta 27an.

Bi bisita gidatuak free tour moduan eskainiko dira eta hasiera-puntua Harriondoa Kultur Etxean, Lesakako turismo bulegoan izanen dute. Euskaraz eta gazteleraz egiteko aukera eskainiko da eta 30 pertsona izanen da kopuru maximoa bisita bakoitzeko. Beraz, Lesakako udalak gomendatzen du aitzinetik erreserba egitea. Hau teknikaria1@lesaka.eus helbidera e-Posta bat bidaliz edo 662 64 81 81 telefonora deituz edo whatsapp bat bidaliz egin daiteke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun