82 autok parte hartu zuten larunbatean Ziharka Sport Eskuderiak antolatutako XIX. Rallysprinta. Horien artean bizkorrena, Malerreka Motorsport taldeko Joseba Beola beratarrak gidatutako Mitsubishi Lancer Evo X autoa izan zen. Beolak, ohikoa duen Joxelu Iratzoki igantziarraren ordez, Itxaso Etxabide lesakarra izan zuen kopilotu, bera izan baitzen ANELAren aldeko zozketan saritutako bat. Beraz, lehen aldiz txapelketa ofizial batean kopilotu gisara parte hartu eta irabazi duela erran dezake Etxabidek, sorterrian gainera. Aipatzekoa da ANELAren alde 3.500 euro bildu dituela kanpaina honetan Ziharka Sport eskuderiak.
Zozketan saritutako bertze bi emakumeei dagokionez, Iñaki Zozaiaren Porsche 911 GT3an kopilotu izan zen Alkaiagako Patricia Izquierdo zortzigarren izan zen. Iñigo Alustizaren Peugeot 208 R2an kopilotu izan zen Donamariako Ainhoa Arrietak, aldiz, ez zuen suerterik izan, autoa matxuratu egin baizitzaien.

Lesakako XIX. Rallysprinta 9,3 kilometroko proba izan zen, lau txandetan egin zirenak, Lesaka-San Anton bi eta San Anton-Lesaka bertze bitan, denera 37,2 kilometro. Lehenbiziko hiru txandetan bizkorrenak izan ziren Beola eta Etxabide eta 6 minutu eta 10 segundotik jautsi zuten bakarrak (6.09.200, 6.08.300 eta 6.04.600). Laugarrena lasaixeago hartu ahal izan zuten (6.12.900). Denera 24 minutu eta 35 segundo behar izan zituzten lau txandak osatzeko. Bigarren postua Kenako Trapaga taldeko Xabier Lujua eta Jesus Estradaren Hyundai i20 R5 autoa izan zen. Denera 24 minutu eta 44 segundo behar izan zituen. Hirugarren postua Ioar Motor Sport taldeko Joseba Lasa eta Maitane Martiarenaren BMW M3 E36 autoa izan zen (24.50).

Formula Libreko ibilgailuen artean bizkorrena Ziharka Sport taldeko Xabier Zubirik eta Roberto Arnaizek gidatutako BMW E30 ibilgailua izan zen (25.38) eta bosgarren izan zen sailkapen orokorrean. Bigarren Malerreka Morotsport taldeko Unai Barburu eta Naiara Lukanbiok gidatutako BMW E36 autoa (25.44).
Sailkapen osoa
