Berako VII. Balkoi lehiaketako sariak banatu ditu Larun Haizpe elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 26a, 08:00

Balkoi lehiaketaren zazpigarren edizioan saritutakoak, Larun Haizpe elkarteko eta udal ordezkariekin batera.

Herria bortz gunetan banatu eta bakoitzean sari eta aipamen bana eman du

Gure herria, lorez betea goiburupean beratarrei balkoiak apaintzeko eta zaintzeko deia eginez, aurten zazpigarren edizioa bete duen balkoi lehiaketa antolatu du Larun Haizpe Berako zerbitzu, merkatari eta ostalarien elkarteak, Berako udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Uztailaren 1etik 15era elkarteko hiru kidek eta udaleko bik osatutako epaimahaia herrian barna ibili da eta uztailaren 22an egindako ekitaldi xumean banatu zituzten sariak.

Bera herria bortz eremutan banatu dute: Altzate; Legia, Kanttonberri, Iturlandeta eta Eztegara; Bera; Agerra eta baserriak (Garaitarreta, Eltzaurdia, Suspela, Suspelttiki eta Zalain). Gune bakoitzeko sari bat eta eta aipamen bat izan dira. Saridunek larrosa bana eta Larun-Haizpe elkarteko komertzioen oparia izan dituzte saritzat. Honela, Altzate inguruan, sari nagusia Illekuetako Agerrabaita etxearentzat izan da eta aipamena Lourdes eta Anabel Goienetxerentzat; Legia-Kanttonberri-Iturlandeta-Eztegarako saria Pili Petrirenarentzat izan da eta aipamena Juana Elizalderentzat; Berako saria Arantxa Telletxearentzat izan da eta aipamena Nerea Garaizabalentzat; Agerrako saria Maria Angeles Mindegiarentzat izan da eta aipamena Ione Teiletxearentzat eta Jorge Marañonentzat eta baserrietan, saria Kauleko Portulenbordako Eulalia Garmendiarentzat eta aipamena Eltzaurdiako Txantelako Arantxa Sansiñenarentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun