Berako bestetako herri danborradan ateratzeko izena emateko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2022ko uztailaren 21a

Guttienez 40 lagun beharko dira danborrada ateratzeko.

Uztailaren 28ra arte apunta daiteke eta abuztuaren 1ean entsegua eginen dute

2016an berreskuratu zuten Berako bestetako danborrada eta azken bi urteko derrigortutako geldialdiaren ondotik, aurten ere halaxe egin nahi dute eta horretarako izena emateko epea zabaldu dute. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 28ra (ortzeguna) bitarte izanen dute horretarako aukera. Lixoia, Errekalde, Xuga eta Kataku ostatuetan eman daiteke izena.

Danborrada egin ahal izateko gutieneko kopurua 40 lagunetan finkatu dute, eta, beti bezala, abuztuaren 4an, ortzegunarekin, joko dute, 12:30ean Herriko Etxeko Plazatik abiatu eta Altzateko plazara. Parte hartzeko hamar euro ordaindu beharko dira eta horren barne gosaria eta danborra sartuko dira.

Eguna baino lehen entsegua eginen dute, abuztuaren 1ean, astelehenean Herriko Etxeko Plazan, 19:00etan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun