Baxi Basajaun taldeko Iñaki Gonzalez bigarren izan da Oviedoko Disko Golf Irekian

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 20a, 11:00

Baxi Basajaun taldeko Iñaki Gonzalez (ezkerrean), bigarren izan zen Oviedon.

Joan den asteburuan, uztailaren 16 eta 17an, Oviedoko Purificacion Tomas disko golf zelaian, II. Oviedo Irekia jokatu zen. Espainiako II. Koparako baliagarria zen laugarren txapelketa zen (martxoan jokatu zen bigarrena Irrisarrin). Baxi Basajauna Disc Golf Elkartearen ordezkari gisa, Iñaki Gonzalez Olaizola Asturiasko lurretara hurbildu zen, eta azkenean Master 50 kategorian bigarren postuan sailkatu zen. Oviedo DG Clubeko Ismael Lanaren txartel berdina sinatu zuen, baina elkarren arteko desenpatean galdu egin zuen Gonzalezek.

Harrigarria izan zen amateur kategorian, 16 urteko Xurde Menendez Goikoetxeak (Oviedo-Beasain) egin zuena. Torneoko tarjeta onena sinatu zuen, 159 jaurtiketa (-15). Orain dela bi urte IrriSarrin Espainiako VIII. txapelketan txapeldun suertatu zen eta estatu mailan disko golfeko etorkizuna da. Ama beasaindarra du eta aunitzetan bisitatzen du IrriSarri Landeko zelaia.

Iñaki Gonzalez eta txapelketako tarjetarik onena aurkeztu zuen Xurde Menendez Goikoetxea, 16 urteko asturiar-euskalduna.

 

Espainiako II. Kopan, txapelketak osatzen dituen seietatik lau txapelketetan puntuaziorik onena lortzen duena izanen da irabazlea.

Maiatzean hirugarren txapelketa Chipionan (Cádiz) jokatu zen, Oviedokoaren ondotik, bosgarrena irailean Madrilen izanen da eta seigarrena eta azkena Kataluniako Palau i Solità zelaian jokatuko da. Iñaki Gonzalezek txapeldun izateko borrokan segitzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun