Lesakako XIX. Rallysprinta uztailaren 23an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 20a, 08:00

Rallysprintean parte hartuko duten Jon Pikabea, IƱaki Zozaia eta Joseba Beola pilotuak, bertze zenbait kopilotu eta laguntzailerekin batera, uztailaren 4ko aurkezpenean.

9,3 kilometroko lau txanda eginen dituzte, Lesaka eta San Anton artean. Errepidea 11:30ean itxiko dute eta lehen parte-hartzailea 12:30ean abiatuko da. Egiaztapenak 08:30ean eginen dituzte Lesakako plazan eta sari-banaketa arratsaldean eginen dute.

Lesakako XIX. Rallysprinta uztailaren 23an, larunbatean eginen dute, Ziharka Sport eskuderiak antolatua. 9,3 kilometroko proba izanen da, lau txandetan eginen direnak, Lesaka-San Anton bi eta San Anton-Lesaka bertze bitan, denera 37,2 kilometro.

Donazioak ANELAren alde

Aurtengo rallya aski berezia izanen da hiru pertsonentzat. Izan ere, ANELAren alde uztailaren 4an egindako zozketa solidarioan kopilotu izateko aukera izanen dute. Honela, Alkaiagako Patricia Izquierdo Iñaki Zozaiaren Porsche 911 GT3 autoan izanen da kopilotu; Itxaso Etxabide lesakarra Joseba Beolaren Mitsubishi Lancer Evo X autoan izanen da laguntzaile eta Donamariako Ainhoa Arrieta Iñigo Alustizaren Peugeot 208 R2an joanen da kopilotu.

Oraindik ere, karrera egunera bitarte bada dohaintza egiteko aukera, 687 957 083 zenbakira bizum-a eginda, «donazio» hitzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun