Erdi Aroko Bereauko zubia moldatzen hasiak dira Lesaka eta Etxalar artean

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 19a, 13:00

Aldamioak paratu eta hasiak dira Bereauko zubiari garai bateko itxura bueltatzeko lanak.

Hamasei hilabeteko epea izanen dute lanak bukatzeko, baina neguan eta udaberrian geldituko dira, Bidasoa ibaiaren emaria handitzen delako eta izokinen ugalketa garaia ez oztopatzeko

Uda honetan hasi dira Bereauko Erdi Aroko zubia zaharberritzeko lanak, Bidasoa ibaia Lesaka eta Etxalar artean zeharkatzen duena, zubi berritik ehun bat metro ibaian beheiti. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak sustatutako deialdiaren hasierako aurrekontua 628.817,58 eurokoa zen (gehi BEZa), eta obra %15eko beherapenarekin esleitu zaio Agoizko Construcciones Leache SL enpresari, mota honetako lanetan esperientzia duen enpresari.

Lanak egiteko epea 16 hilabetekoa izanen da, eta 2023ko azaroan bukatuko dituzte, baina ez dira 16 hilabetez lanean ariko, bi kanpainatan eginen baita. Lehen kanpaina uztailean hasi eta urrira bitarte eginen dute, eta Bidasoa ibaiaren ur-goraldiak direla eta, lanetarako aldamiorik ezin denez paratu. neguan eta udaberrian gelditu eginen dira, berriz ere 2023ko ekain erditsuan hasteko. Horretaz gain, ingurumena babesteko arrazoiengatik, lanak ekainaren erditik azaroaren erdira bitartean egin behar dira, izokinen ugalketa-aldian ez eragiteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ibai Ingurunearen Atalak jakinarazitako irizpidearen arabera. Hortaz, 2023ko azarorako bukatuko dituzte lanak.

«Bidasoa ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubirik onenetakoa»

Zubia inguru horretako Erdi Aroko burdinolarekin lotuta zegoen, eta, beraz, konponketa eta auzi ugari daude dokumentatuta XVI. mendetik aitzinera. 1906an birmoldatu eta zabaldu egin zuten, eta 1956an hormigoiz handitu eta indartu, Lesakako Laminaciones-eko ibilgailuen trafikoa har zezan. 1977an, zubi berria eraiki zenean, trafikora itxi eta errepide saretik atera zen. Harrezkeroztik, Bide Zerbitzuak ez dio kasurik egin zubiaren kontserbazioari; 1988an botatzeko eskari bat ere izan zen, nahiz eta, zorionez, ez zen egin.

Jose Luis Franchez Apezetxea arkitektoak eta Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeko Ondare Arkitektonikoaren Bulegoko buruak dioenez, «azken urteotan berrituko den zubi luzeena (75 metro) eta handiena (lau arku) da Bereaukoa, Bidasoa ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubirik onenetakoa. Funtsean, jatorrizko egitura berreskuratuko dugu, hormigoizko alboko handitze guztiak kenduz, horixe egiten ari baikara orain, eta harrizko Erdi Aroko zubiaren irudia berreskuratuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun