'2020 Hariztia' proiektua aurkeztu du Asier Gogortza argazkilariak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 19a, 10:00

Erentzazuko gainaren magalean harizti bat landatu dute

Berako eta Urruñako udalekin elkarlanean, 2020 Hariztia egitasmoa aurkeztu du Asier Gogortza argazkilari beratarrak. Proiektuaren oinarrizko ideia sinplea da: «mendian harizti bat landatzea». Baina hariztia berezia da, 2020ko udaberrian pandemia betean ginela sortutako haritz landareak landatu baitituzte. «Hariztia osatuko duen haritz bakoitzari ere izena eman zaio: Wuhan, Covid19, Trump, Zumeta… 2020 urtean egunkarietan sarri-sarri ikusi genituen izenak dira, eta guztiek dute nolabaiteko lotura udaberri horretako gertakari zehatzekin».

Erentzazuko gainaren magalean landatu dituzte landareak, Urruñako eta Berako herri lurretan, «muga marraren gainean batzarleku baten moduko gune borobila sortuz». Proiektua «paisaiari eta paisaigintzari lotutako sorkuntza lanak garatzeko laborategi izateko asmoarekin» landatu da; «helburuetako bat litzateke zuhaitzak hazten diren bitartean paisaia nola aldatzen den ikertzea eta argazkien bitartez edo bertzelako euskarrien bitartez jarraipena egitea».

Gogortzak twiterreko hari honen bidez azaltzen ditu proiektuaren bilakaera eta emaitzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun