Kattin Madariaga Apaolaza

«Lagun onak egiteko aukera eman digu pilotak»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 17a, 08:00

Arantzako bertsolari eta pilotari gaztea da Kattin Madariaga, eta Baztan-Bidasoko XXXV. bertsopaper lehiaketa irabazi berri du gaztetxoen B mailan

Nola definituko zenuke zeure burua?

Neska alaia, baikorra eta lagunkoia naizela erranen nuke.

Zein dira zure zaletasunak?

Gehienbat pilota eta bertsolaritza gustatzen zaizkit, baina lagunekin ere ikaragarri ongi pasatzen dut.

Zergatik hasi zinen bertsotan?

Gure eskolako zuzendaria bertsotan ibiltzen irakasten hasi zen ikasle batzuei, eta anaiak animatzeko erran zidan, atautxiri ilusioa eginen ziolakoan. Hortik aitzinera Estitxurekin segitu dut sei bat urtez.

Hirugarren aldiz saritua izan zara Baztan-Bidasoko bertsopaper lehiaketan. Espero zenuen?

Ez nuen aunitzik espero, nirekin bertso eskolan dabiltzanak ere maila ona baitute.

Bertsoak idazteak ematen dizun askatasunaz aritzen zara bertsoan… Zer da zuretzako bertsotan aritzea?

Erran nahi dudan hori modu ordenatu edo txukunago batean kontatzeko aukera bat da niretzat bertsoa. Kontatu nahi ditudan gauzak askatasun osoz kontatzeko aukera ematen du, baina nola kontatu pentsatzera ere behartzen nau.

Bertsoez gain, pilotan ere aritzen zara. Noiz hasi zinen?

Orain dela bortz-sei urte hasi nintzen Arantzako Pilota Eskolan. Orain Beran aritzen naiz.

Hainbat pilota txapelketetan ibili zara. Zenbatero entrenatzen zara?

Astean bi aldiz izaten ditut entrenamenduak, astearteetan eta ortzegunetan, baina tarteka aitarekin eta anaiekin ere ibiltzen naiz.

Nola ikusten duzu eskualdeko nesken egoera esku pilotan?

Gutti gara oraindik, baina maila ona ematen ari gara eta hagitz gustura gabiltza. Gainera, gutti izanik lagun onak egiteko aukera eman digu pilotak.

Zertan nahiago duzu aritu, bertsotan edo pilotan?

Ezingo nuke bat aukeratu, bietan gustura nabil eta oriangoz denetan ibiltzeko astia eta gogoa daukat. Bertsoa eta pilota hagitz desberdinak dira baina biak dira ezinbertzekoak niretzat.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Lagunekin ongi pasatzea, udaz gozatzea eta hurrengo ikasturtean gustuko ditudan gauzekin segitzea.

Eta epe luzera?

Gustuko dudana ahalik eta gehien ikastea eta hortan segitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun