Hiru pertsonako taldeek, erreleboka auzo ingurutik egin beharko dute ibilbidea Baldrun-Sorotik. Korrikalari batek lehenengo itzuli laburra eginen du, 2 kilometrokoa eta 75 metroko desnibelarekin, bigarrenak luzexeago bat, 3 kilometrotakoa, eta 105 metroko desnibela daukana eta azkenak, luzeena, 4 kilometro eta 155 metroko desnibela daukan ibilbidea. Irteera eta helmuga Alkaiagako zonalde altuan egonen da eta errelebista bakoitzak artaburu bat eramanen du lekuko gisa.
Antolatzaileek taldeak aitzinetik eginak izatea gomendatzen dute, eta partaideen izen abizenak emailez bidaltzea alkaiagatrail@hotmail.com helbidera. Talderik izan ezean, antolatzaileek, egunean bertan izena ematen duten parte-hartzaileekin taldeak antolatuko dituzte, beti ere kontuan izanda hiruko talde bakoitzean emakumezko bat egon beharko dela.
Larunbatean 18:00etan hasiko den helduentzako lasterketa baino lehen, haurrentzako lasterketak eginen dituzte 17:30ean.
Errelebokako lasterketaren izen emateak 10 euro balioko ditu ondorengo afaria aukeratzen bada, eta 5 euro lasterketan parte hartzeko bakarrik. Izena ematea egun berean edo aitzinetik egin ahal izanen da, Berako Pikabea harategian. Gainera, lehen hiru sailkatuentzako sariak izanen dira, eta dutxa zerbitzua Berako kiroldegian.
Afarira lagun, bizilagun eta ikusleak ere sartzen ahalko dira. Guztientzat prezioa zazpi eurokoa izanen da eta tiketak aldez aurretik eros daitezke Pikabea harategian.