Manttalek eta Agerra Mendi Taldeak Gavarniera eta Taillonera irteera antolatu dute larunbaterako

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 14a, 09:00

2019ko irteeran parte hartu zuten mendizaleak.

Taillonen hildako Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi oroitzeko mendi ateraldia prestatu dute Agerra Mendi Taldeak eta Manttalek. Larunbat honetan, uztailak 16 izanen da irteera, eta nahi duten guztiek parte hartzen ahal dute. 

Bi irteera desberdin prestatu dituzte. Bietan errazena Gavarnie herritik aterako da Bujarueloko lepora igotzeko. Denera lau ordu inguruko ibilbidea eta 600 metroko desnibela izanen ditu. Bigarren irteera, aldiz, gogorragoa izanen da, mendizale zailduagoentzat. Col de Tentesetik aterako da, Bujaruelotik pasa eta Sarradetseko aterpetxera ailegatzeko. Bertatik, Errolanen Bretxan barrena Taillonera igoko dira. Itzulera bide berdinetik eginen dute, eta ibilaldiak denera 6 ordu inguruko iraupena eta 1.200 metroko desnibela izanen dituela kalkulatu dute. 

Ondotik, bi martxetako partaideak Bujaruelon elkartuko dira, Taillonen zendutako Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren omenezko monolitoan. Omenaldiaren ondoren Gavarnie herri ondoan bazkaria eginen dute. 

Txangoa 05:30ean aterako da Berako Iamotenea pareko aparkalekutik eta iluntzean, 21:00ak edo 22:00ak inguruan, ailegatuko dira bueltan Berara. Prezioa 25 eurokoa da, eta autobus bidaia, eta bazkaria daude barne.

Izen emateak mugatuak dira eta Agerrako Pikabea Harategian egin behar dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun