Aurten balkoi lehiaketaren zazpigarren edizioa egiten ari dira Beran, Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak antolatua eta Berako udalaren eta Gobernuaren laguntzarekin. Herrian «hagitz errotuta» dagoen ohitura sustatu nahi du elkarteak; «urtero ikusten dugu nola edertzen diren balkoiak hainbat lore-konposiziorekin, koloreen koordinazioarekin eta landare eta loreen barietatearekin».
Horretarako, balkoi lehiaketa deitu du elkarteak uztailaren 1etik 15era. Herrigunea bortz eremutan banatu dute: Altzate; Legia, Kanttonberri eta Eztegara; Bera; Agerra eta baserriak.
Epaimahaia elkarteko hiru kidek eta udaleko bi kidek osatuko dute, eta bortz sari banatuko dituzte, bat zonalde bakoitzeko. Sariak uztailaren 22an, hurrengo asteko ortziralean banatuko dituzte 20:30ean, Herriko Etxeko plazan eginen duten ekitaldi xume batean.