Zalaingo depositutik Foruen Plazara bitarteko ur sarea berritzeko lanak eginen dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 12a, 13:00

Bertzeak bertze San Esteban karrikan eginen dituzte ur sarea berritzeko lanak.

Ur sarearen berritzearekin batera, espaloiak konpondu eta handituko dituzte hala posible den eremuetan. Aitor Elexpuru alkatearen hitzetan, asmoa udazkenerako lanak hastea da. 

Berako Udalak 340.417,41 euroko dirulaguntza lortu du Zalaingo ur depositutik Foruen Plazara ura banatzeko sarea berritzeko. Obraren kostua  425.521,76 eurokoa da, eta berrituko den ur sareak guztira 1.436,84 metroko luzera du. Errepidearen gaineko eragina murrizteko eta etorkizuneko mantentze-lanak sinplifikatzeko, espaloietako zoladura aldatzean espaloian dauden hesi fisiko guztiak kenduko dituzte. Ahal den guztietan, gainera, espaloiaren  eremua handituko dute oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko.

Zalaingo biltegitik Foruen Plazarako tartean ura banatzeko sarean antzemandako akats eta ur ihesak konpontzeko sustatu du proiektua udalak, hoditeria guztiz berrituz, bertako bizilagunei eta industriei hornidura egokia eta etengabea bermatu ahal izateko. Esku-hartzeak, gainera, Zalaingo depositua sarearen gainerakoarekin lotzea dakar, haren ustiapena eta erregulazioa hobetuz. Horrela, sareak biltegiratze-bolumen handiagoa eta hornidura-iturri gehiago izango ditu, eta Zalain auzoko hornidura bermatuko da udan. 

Urgentziazko obra bat da, derrigorrez egin beharrekoa, eta tramite administratiboak uzten duten heinean, ahal denik eta azkarren hasi beharrekoa.

Gaur egun, berritu beharreko ur-hoditeria Zalaingo depositutik Ubelako poligonora bitartekoa da, eta bi puntutan izan ezik,  berritzearen trazadura egungoaren puntu berberetatik igaroko da. 

Lanen helburua

Lanen bidez ondorengo gabezia hauek hobetu nahi dituzte: etengabe gertatzen diren ur ihesak ezabatzea; Ubela, Legarbidea eta Iparkarrikako etxebizitzen ur hornidura bermatzea; Ubelako industrien ur hornidura bermatzea eta  Berako sarearen biltegiratze-ahalmena handitzea, Zalaingo depositua sare orokorrera konektatuz orain arte gainerakoekiko sareen independente lan egiten baitzuen.

Ur sarea berritzearekin batera, sarearen diametroa handituko da, kontsumo handiko momentuetan uraren abiadura hobetzeko. 15 urtetik gora ur kontagailua eta ur hartuneak berritu eta bide publikotik aterako dituzte. Ahal den neurrian, udal ur sarea lurzoru pribatutik aterako dute, mantentze-kostua nabarmen murriztuz eta haren kontrola erraztuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun