Ana Larretxea

«Ematen du ostalaritzan edozeinek lan egiten ahal duela, eta ez da horrela. Honek ere badu bere balioa»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 9a, 10:00

Ostalaritzako lanaren balioa nabarmendu nahi izan du Larretxeak.

Ana LARRETXEA APEZETXEA, Arantzako ostalaria

Udarako «hiru langile gehiago» hartu ditu Ana Larretxea Apezetxeak Arantzako Pabloenea ostatuan, eta ez omen du arazorik izan horretarako; «langileak aisa» harrapatu baititu. Are gehiago, «aurten jende aunitzek galdetu didate lana ostatuan».

Aurtengo kasua izan ez bada ere, Larretxeak aitortu du «urte batzuetan inork ez duela lanik egin nahi izan ostalaritzan. Garai batean, ikasten ari zenak lan egiten zuen, baina gerora urte batzuez hori alde batera gelditu zen». Bere irudiko, ostalaritzan lan egitea «gutxietsia» izan da eta horri lotuta orain dela urte batzuetako anekdota bat mahai gainean jarri nahi izan du: «Alabaren gelan haunditan zer izan nahi zuten solasean ari ziren, eta irakasleak ‘Zerbitzari ez zarete izanen, ez?’ bota zien. Bada ni gustura nago zerbitzaria naizelako, eta ez naiz lotsatzen hala izateaz». Gehiago ere aipatu du: «Ematen du ostalaritzan edozeinek lan egiten ahal duela, eta ez da horrela. Honek ere badu bere balioa, eta ez du edozeinek balio ostalaritzan aritzeko, edozeinek kazetari lana edo bertze lan bat egiteko balio ez duen bezala».

Urte batzuez langileak hartzeko izan duten arazoa alde batera utzita, «gaur egun egoera buelta ematen hasia dela» iruditzen zaio aranztarrari. «Gazteek udan lan egin nahi dute eta eurentzat hagitz esperientzia ona da, ez dirua irabazten dutelako bakarrik, gauza aunitz ikasten dutelako baizik: jendearekin egoten, pazientzia izaten eta mugikorren garai hauetan mugikorrik gabe egoten ere bai».

Gustuko lana

Larretxeak garbi du aunitzentzat ostalaritzako lana «sakrifikatua» izan daitekeela, «bertzeek libre dutenean zu lanean ari zarelako, edo ordutegiagatik ere bai. Ez dakizu bezeroa noiz etorriko den». Baina «gustuko lana» izanez gero, errazagoa dela dio: «Udako bi hilabete eta erdi estresanteak izanen dira eta asteburuetan ere lan aunitz izaten ahal dut, baina gainerakoan, urte osoan, astegunez lasaiago ibiltzen naiz bertze gauzak egiteko. Ni gustura eta kontent aritzen naiz, eta hala behar du. Lan guztietan bezala, gustuz egiten dena nabaritzen da. Gustura ari ez bazara, behin deituko dizute, baina gehiago ez».

«Langileek betebehar batzuk dituzte, baina nagusiek langileak zaindu behar dituzte, hartu-eman bat da»

Horrekin batera, «lantalde ona izatearen» garrantzia nabarmendu du: «Giro ona izatea ezinbertzekoa da eta ni hagitz kontent nago osatu dugun taldearekin». Eta bide beretik, «langileak zaintzea» garrantzitsua da Pabloeneko jabearentzat: «Langileek betebehar batzuk dituzte, baina nagusiek langileak zaindu behar dituzte, hartu-eman bat da». Gaineratu duenez, «ostalaritzan gutti pagatzen dela zabaldu da, baina hori horrela bada zergatik etortzen da udan jendea ostalaritzan lan egin nahi duela erranez? Dirua ateratzen delako da».  

«Belaunaldi aldaketarekin lan baldintzak aldatu dira»

«Ongi antolatzea» ere ezinbertzekoa iruditzen zaio, «nahiz eta ez den erraza. Ez dakizu zenbat jende etorriko zaizun. Aski da jende aunitz etortzeko prestatzea, ez etortzeko, edo egun lasaia izanen dela pentsatu eta dena betetzea». Baina azken urteotako martxa ikusita, ia segurua izanen da udan ez duela lan faltarik izanen: «Pandemiaren garaitik aunitzez ere lan gehiago dugu eta txanda bakoitzean jende gehiago behar dela konturatu gara». Alde horretatik, urte hauetan «lan baldintzak aldatu» direla ikusten du. «Diferentea da herri ttiki bateko ostatu batean eta familiarena den ostatu batean aritzea, edo herri haundiago batean aritzea, baina belaunaldi aldaketarekin lan baldintzak aldatu dira. Nik ez badut libratu gabe lanean ari nahi, nola pentsatuko dut niregana lanera datorrenak horrela nahi izatea? Nahiago dut jende gehiago izan, hobekiago antolatu eta gehiago libratu».

Atzerritik ostalaritzan aritzeko toki batzuetan egin duten proposamenaren harira ere mintzatu da aranztarra: «Norberak ikusi behar du ostatua non duen, zer zaindu nahi duen eta zer negozio mota nahi duen». Berari ezinbertzekoa iruditzen zaio «hizkuntza zaintzea. Herri euskaldunean bizi gara, gure hizkuntza euskara da eta kanpotik etortzen direnek ez badute euskara ikasten edo ez badute saiakera hori egiten, nolako harremanak izanen ditugu ostatuan?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun