Iker Zubieta

«Ostalaritza bokaziozko lana da eta gaur egun bokazio gutti dago»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 9a, 09:00

Lana badute Zubiondon, baina Zubietak dioenez, langileak harrapatzeko zailtasunak dituzte.

Iker ZUBIETA IRIZAR, Berako ostalaria

«Ostalaritzak hagitz fama txarra du eta jendeak ez du aditu nahi ere ostalaritzako lanaz. Baina ez dute galdetzen ere baldintzak zein diren». Halaxe mintzatu da Iker Zubieta Irizar Zubiondo jatetxeko jabea.

Iker Zubietaren jatetxean ere «langileak falta» dituzte, eta arazoa «oraingo belaunaldiarekin» lotu du Zubietak: «Nire belaunaldian guttik nahi izaten zuten ostalaritzan lan egin, eta oraingoen artean, berriz, inork ez du lanik egin nahi asteburuetan». Alde batetik, asteburuetan sumatzen dute langileak harrapatzeko ezintasuna: «Lehenago ikasten ari ziren bitartean, gazteak asteburuetan lanean aritzen ziren, baina orain hori ere ez. Gurasoek nahiago dute estudiatzea eta ez dituzte lanera bidaltzen. Azkenean nola edo hala agertzen da jendea, baina astebururo lanerako jendea bilatzea odisea bat izaten da».

«Asteburuetan eta arratsetan ez du inork lan egin nahi»

Eta bertzetik, udan ere bide beretik segitzen dute: «Udan oporrak betetzeko langile bat edo bi hartu nahi izaten ditugu, baina hori ere ezin. Udan lan egin nahi duen pizarrak nahiago du ordu gehiago sartu eta Ibardinen ari. Lehen Ibardinen uda osoa libratu gabe pasatzen zuten, eta orain zortzi ordu sartzen dituzte. Han ordu gehiago dituzte eta beraz, gehiago irabazten dute. Guk, ordea, lanaldi erdia eskaintzen dugu. Ezin dugu hainbertze eskaini eta ez dute ari nahi». Hala ere, arazoa «orokorrean ostalaritzarena» dela nabarmendu du, «asteburuetan eta arratsetan ez duelako inork lan egin nahi».

«Iskin guzietan aditzen da lau sosengatik ordu pila egin behar direla ostalaritza, esklabo lana dela»

Horri lotuta, «ostalaritzak duen fama txarra» kritikatu du: «Iskin guzietan aditzen da lau sosengatik ordu pila egin behar direla, esklabo lana dela. Eta denetarik izanen da, baina gure eskualdean ez da horrela. Ez dut uste baldintzak txarrak direnik». Gaineratu duenez, «fabriketan zortzi ordu sartuta gehiago irabazten da, baina hori ez da arazoa, aunitzek ez dute galdetzen zein diren baldintzak. Jendeak ez du aditu nahi ere ostalaritzan lan egiteko aukeraren inguruan eta ez dute planteatzen».

«Martxa honetan ostalaritzan ez dugu bertako jenderik izanen»

Zubietaren hitzetan, «bertako jendea» da ostalaritzan ari nahi ez duena, baina bertzelakoa da etorkinen kasua: «Etorkinak lanerako prest daude, baina ez dakite euskaraz, eta ez dute paperik kontratua egiteko. Egoera ez da erraza». Martxa honetan, ostalaritzaren etorkizuna «bertako jenderik gabe» irudikatzen du beratarrak: «Hiriburuetan hori gertatzen ari da. Bertakoek ez dutenez lanik egin nahi, etorkinekin bukatuko dugu. Hala bada, euskaraz ikasi beharko dute».

Onartu du; «jendearen aitzinean egon beharreko lana» izanda, «gogorra» izan daiteke, baita «bertzeak libre daudenean lanean ari behar delako» ere. Baina Zubietari ez zaio gogorra iruditzen: «Niri gustatzen zait. Garbi dago, ostalaritza bokaziozko lana da, eta gaur egun, bokazio gutti dago».

Irtenbidea zein izan daitekeen galdetuta, «zuzendu beharreko lehenbiziko gauza» komunikabideetan telebistari egiten dioten publizitatea dela adierazi du: «Telebistan ostalaritzari buruz ateratzen den guztia txarra da, ordu aunitz sartzen direla, gutti pagatua dela... Publizitate hobea behar du». «Pena» sentitzen omen du, «ostalaritzan badelako lana, eta jendea langabezian dagoelako. Lan baldintzak hobetu beharko dira, baina hori eginda dena garestituko da, eta hagitz tarte ttikiarekin ari gara. Ez dakit soluzioa zein den».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun