1972an atera zen lehen aldiz Irrintzi peña Lesakako sanferminetan… Nola hasi zineten?
Sanferminetarako baino lehen olentzerorako elkartzen ginen kuadrilla eta bi olentzero ere eginkatu genituen urteren batean. Futbolarekin ere elkartzen ginen, gehienak adintsukoak. Peña prestatzen urte bat lehenxeago hasi ginen kuadrilla, hogei bat lagun. Baina 19 urte genuenean atera zen lehen aldiz Irrintzi peña Sanferminetako bigarren egunean. Tanborrak eta kriston txolloa izan genuen, herriko etxeak subentzionea eman baitzigun erosteko. Garai batean ez ziren izaten hemen eta Irundik ekartzen genituen hogei bat. Lesakako herriko etxeak San Martzialetako Alarderako eta eliza inguruan izaten ziren kanoiak uzten zizkion Irungo herriko etxeari eta trukean ekartzen zizkiguten danborrak, gero bueltatzeko. Kontua da gehienetan erdi xehetuak bueltatzen genituela. Beraz, dirulaguntza eman eta 20 danbor erosi genituen. Kondizio bakarra zen egunero jo behar genuela danborra, peñaren egunean eta ondokoetan. San Fermin eguna ez, hura sakratua izaten zen.
Ordurako bertze bi peña edo kuadrilla baziren: Agiña eta Egurra…
Bai, Agiña gu baino laupabortz urte lehenago hasi izanen zen eta Egurra beranduxeago, Incansables txaranga etortzen hasi zenean. Agiñak blusa berde izaten zuen lepo txuriarekin eta Egurrak blusa txuribeltza koadroekin eta boneta berdea. Guk zerbait bilatu behar eta tela merkeena bilatu genuen, txuri-gorria koadroekin, boneta gorria zahato bat bordatua zuena. Sanferminetako bigarren egunean ateratzen hasi ginen eta gure ondotik, urtebetera Kalaxka. Orduan hasi zen peña eguna egiten. Lehenbiziko egunean ezpata dantzariak eta elizako kontuak, eta bigarren egunean, desmadrea, norberaren gustura. Guk geronen musikeroak izaten genuen, nire anaia zena, Exteban Maia, akordionista, tronpeta Jabier Ordoki Gaztelu, Juan Carlos Txoperena, bere anaia zaharragoa eta Fermin Altzugarai zena saxofoiarekin eta Juanito Ordoki Gaxtelu klarinetearekin… Gure txaranga propioa genuen, beraz. Handik bortz urtera hasi ziren ezkontzen, baina peñak aitzinera segitu zuen.
Halere, gaur egun gelditzen den peña beteranoena zarete, ez?
Agiña ez da eta Egurra, guk erraten diogun bezala, ezpalak bertzerik ez dira gelditzen eta ez dira blusarekin ateratzen. Irrintzin, berriz, heldu da jende gaztea, seme-alabek segitzen dute, batzuen bilobek ere…
Gaur egun peñek, peñen eguneko danborradaz, bazkariaz eta jautsieraz gain ez dute gauza handirik egiten, baina zuek urte osoan gauzak antolatzen hasi zineten: mendi irteerak, inauteriak, olentzero…
Bai, zerbait egiten genuen, garaia ere halakoa zen, mugitzekoa. Baina ez urte osoan. Mendi irteerak egiten genituen, baina inguruan, San Antonera, Artikutzara, Eskasera… kuadrilla koxkorra elkartzen ginen eta oraindik ere joaten gara Artikutzara bazkaltzera. Urte batean Igantziko bestetara joateko deitu ziguten, danborrada egiteko, bazkariaren truke, eta halaxe joan ginen. Orduan izaten genuen Sabina astoa eramateko ere eskatu genituen eta hura nola eraman… hemendik Igantzira Saroberen kamioia hartu eta eraman genuen. Igantziarrak hagitz kontent ziren eta guk ere egun ederra bota genuen. Piedadetik beheiti hasi ginen buila ateratzen, altxaferoarekin, musikarekin, astoarekin… igantziarrentzat ere gauza berria zen orduan. Urte batean Igantzin eta bertze batean Mugairira ere joan ginen. Orduan soldadu nengoen eta soldadutik eskapatu eta joan nintzen. Bezperan kamioi ttiki batean eraman zuten Sabina astoa eta erregea bezala tratatu zuten: ikuilua, ahotza…
Nondik atera zen Sabina astoaren ideia? Gaurko egunean halakorik ez zen posible izanen…
Horretarako artista izaten zen Danieltzo Apeztegia zena, hark mugitzen zuen peña, bera zen buru, bestetarako edo inauterietako karrozarako bera mugitzen zen gehiena eta berea zen Sabina astoa ere. Beretzako Irrintziko blusa, zapela, galtza txuriak, dena propio egin genuen. Sabina astoarekin zortzi-hamar urte ibili ginen, hura zen gure maskota. Danieltzo Beran hil zen kotxe istripuan, baina hura hil eta gero, bi urtez edo oraindik atera genuen astoa. Gaur egun seguruenik ez zuten onartuko, baina orduan ere izaten genuen beldurra. Astoa gurekin ohitua zegoen, eta ostatuz ostatu hura joaten zen buru, gure ibilbidea bazekien nonbait eta hark irekitzen zuen.
Zertan eta zenbat aldatu dira duela 50 urteko sanferminak gaur egunekoetara?
Adinak ez du barkatzen, guretako aunitz. Halere, gehien aldatu dena asteburuetako jendetza da. Orduan herrikoek egiten genuen besta, eta Arantzatik edo Igantzitik etortzen zen bakarren bat. Eta gero, gauaz, arrunt gutti ibiltzen ginen, besta egunez. Gaueko hamaiketarako, gehienak erdi mozkortuak, baina etxera edo bertze gainerakoak Epik ahotza izaten zuen ikuilu hartara joaten ginen eta han pasatzen genuen gaua, kriston katxondeoan. Han bukatzen genuen besta egiten ari ginenak, bestetan eskean aritzen zen hankamotz bat eta besamotz bat, calendario zaragozano saltzera etortzen zena… denak han lo egitera. Han bukatzen genuen peña guztietakoak ere. Besta bukaera han zen. Han kontzen zituen zerriak Epifaniok eta urte batean, zerri koxkor bati hanka hautsi zion norbaitek… Onartu genuen gu izan ginela eta zerria erosi genion eta gero Kasinoan jan, bertze egun batean. Ez ziren sanferminak baina bestetan bezala atera ginen, igual-igual, asto eta guzti, zerria jatera. Kalaxkakoak ere gonbidatu genituen.
Hain zuzen, urtebete beranduago sortu zen Kalaxkarekin izan duzue beti halako harreman berezia…
Bai, pike sanoa izan dugu, katxondeoa. Gu baino gaztexeagoak dira, baina ez aunitz e! Lehen auzo arteko futbol txapelketa jokatzen zen eta Irrintzik eta Kalaxkak ere jokatzen genuen eta ondotik apusturen bat ere jokatu genuen Kristo-Enean, gerora futbiton ere eta duela urte batzuk Mastegin ere jokatu zuten futbolean, ni ordurako zahartua nintzen. Pike sanoa zen.
Irrintzi peña zertan aldatu da 50 urte hauetan?
Niretako oraingoak ganberroagoak dira. Gu ere ez ginen santuak, baina oraingoak zakarragoak direla iruditzen zait. Guk ganberrada bat egiteko bi aldiz pentsatu beharra genuen eta orain pentsatu gabe egiten dute. Garaiak ere aldatu dira, lehen beti izaten genuen guardia zibilaren beldurra eta aunitz ibiltzen ziren. Politikak ere indar handia zuen 1970eko hamarkadan.
Zer du berezia peñen egunak?
Egun polita da, gosaldu, danborradan ateri, abilidadea zutenek zezenetan ibili eta bertzeok bazterretik begiratu, bazkaldu, jautsiera, errekan busti… Egun horren programa ez da aunitz aldatu urteen poderioz, baina ederki pasatzen segitzen dugu.