Uda giroa

Lila Puntua paratuko dute Eskol Ttikin Lesakako sanferminetan

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 5a, 12:00

Eskol Ttiki eraikinean paratuko dute Lila Puntua.

Lesakako sanferminetan Lila Puntuaren zerbitzua paratuko du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak Eskol Ttikin ortziraleko eta larunbateko arratsetan, 23:00etatik 06:00etara. 

Lila Puntuan informazioa eta arreta eskainiko dute, eta baita zenbait material erabilgarri ere. Lila puntuaz aparte, eraso sexisten inguruko informazio edo testigantzak helarazi nahi izatekotan, honako helbide elektroniko hau sortu dite: info.lilapuntua@gmail.com. Hor bilduko den informazioa arras anonimoa izanen da. 

Lila puntuaz gain, eraso baten aitzinean segitu beharreko urratsen inguruko informazioa ere zabaldu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak. Eraso baten lekuko izan direnen kasuan, biktimari laguntza eskaintzeko, entzuteko,  bakarrik ez uzteko eta laguntza emozionala emateko azaldu dute. Gainera, laguntza behar badu 112 zenbakira deitzeko mezua zabaldu dute. Erasoa bortxaketa bada, biktima arropaz ez aldatzeko eta ez garbitzeko nabarmendu dute, eta ahozko bortxaketa izan bada, horrez gain ez jateko eta ez edateko

Erasoa jasan duen biktimari, aldiz, laguntza eskatzeko, eta 112 zenbakira deitzeko azaldu dute. Kasu horretan 112 zenbakiaren bidez Foruzaingoak, ospitaleak edo osasun etxeak esku hartzen badute zuzenean ofiziozko salaketa bat paratuko dute martxan. 

016 zenbakian jaso daiteke emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko informazio eta aholkularitza juridikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun