Lesakako Rallysprintean kopilotu izateko zozketa egin dute ANELAren alde

Ttipi-Ttapa 2022ko uztailaren 5a

Ziharka Sport elkarteko antolatzaileak, zozketan parte hartu duten Iñaki Zozaia eta Joseba Beola pilotuak eta Lesakako Jon Pikabea pilotua eta Xabier Andueza eta Haizea Txoperena kopilotuak, Lesakako Rallysprintaren aurkezpenean.

Patricia Izquierdo, Itxaso Etxabide eta Ainhoa Arrieta izanen dira proban Iñaki Zozaia, Joseba Beola eta Iñigo Alustizaren ondoan joanen direnak

Uztailaren  23an eginen dute Lesakako Rallysprintaren hemeretzigarren edizioa. Bertan parte hartuko duten Sarasateko Iñaki Zozaia, Gabiriko Iñigo Alustiza eta Berako Joseba Beola pilotuekin batera lasterketa kopilotu moduan egiteko zozketa antolatua zuen Ziharka Sport automobilismo taldeak, ANELA elkartearen alde, eta atzo arratsaldean Harriondoko atarian egindako aurkezpenean atera zituzten zenbaki saridunak. Honela, 232 zenbakiaren jabea den Alkaiagako Patricia Izquierdo Iñaki Zozaiaren Porsche 911 GT3 autoan izanen da kopilotu; 145 zenbakiaren jabe den Itxaso Etxabide lesakarra Joseba Beolaren Mitsubishi Lancer Evo X autoan izanen da laguntzaile eta Donamariako Ainhoa Arrieta (106), Iñigo Alustizaren Peugeot 208 R2an joanen da kopilotu.

Aurkezpena gidatu zuen Aitor Ibarra Jaliskok erran zuen bezala, «kopilotu izateko beharrezko ekipazioa eta baimen guztiak tramitatuko zaizkie, dena legala izanen da eta ametsetako aukera hau gauzatzeko modua izanen dute». Aitzinetik egin beharreko prestakuntzaz ere aritu zen txantxetan Iñaki Zozaia pilotua: «igual goizean magra eta arroltzeak gosaltzera joanen gara. Egun horretan lasai etorri eta gozatu bertzerik ez dute egin beharko!». Ttiki-ttikitan hasi zen Zozaia motokrosean eta 23 urterekin auto rallyetan. Gainera, Sarasatekoa bada ere, bere aitak tailerra izan zuen Lesakan eta ongi gogoratzen ditu Agiñako maldak: «Mobilettea hartu eta joaten ginen, bide zoragarria da».

Zozaiarentzat bezalaxe, Joseba Beola beratarrarentzat ere lehenbiziko aldia izanen da esperientziarik gabeko kopilotu batekin gidatuko duela: «nik beti Joxelu Iratzoki igantziarra izan dut alboan eta elkar ongi ezagutzen dugu. Alde horretatik gauza berria izanen da, beharbada urduritasun gehiago, baina plana bertze bat da lasai joanen gara, bertze erritmo batean, disfrutatzera»

Astelehen arratsaldeko aurkezpenean izan zen Jon Pikabea Lesakako pilotua (Xabi Zubirik ez zuen posible izan lanagatik), baita kopilotu aritzen diren Xabier Andueza, Miguel Elizalde, Mikel Maia eta Haizea Txoperena lesakarrak ere, baita hainbat motorzale ere.

ANELA Nafarroako Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren elkartearen aldeko zozketa solidarioa izan da. Parte hartzeko txartelak 10 euroan paratu dituzte salgai, eta 687 957 083 zenbakira bizum bat eginda eskuratzeko modua izanen da. Zozketa zuzenean eman zuten Ziharka Sport taldearen Instagram kontuan. Irabazleez gain, auto bakoitzeko bertze bi plaza ere zozketatu zituzten, erreserba gisa izateko. Hauek dira ordezko zenbakiak: 255, 048, 265, 073, 014 eta 090.

Zozketan parte hartu nahi ez dutenek ere izanen dute oraindik dohaintza egiteko aukera, 687 957 083 zenbakira bizum-a eginda, «donazio» hitzarekin, lasterketaren eguna bitarte.

ANELA eritasunaren berri eman zuen Jaliskok eta ematen den laguntza guztia ongi etorria izanen dela ere aipatu zuen. Berriki Sunbillan Saray eta LPS Lissosomales taldeen alde lortutako diruaren berri ere eman zuen, «Sunbilla bezalako herri ttiki batean erakunde bakoitzarentzat 6.000 euro biltzea lortu dugu. Denak gutti ematen du, baina lortzen den guztia ongi dator.

Lesakako XIX. Rallysprinta uztailaren 23an

Uztailaren 23an eginen den Lesakako XIX. Rallysprinta 9,3 kilometroko proba izanen da, lau txandetan eginen direnak, Lesaka-San Anton bi eta San Anton-Lesaka bertze bitan, denera 37,2 kilometro. Uztailaren 15ean, 20:00etan bukatuko da izena emateko aukera. Errepidea 11:30ean itxiko da eta lehen parte-hartzailea 12:30ean abiatuko da. Egiaztapenak 08:30ean eginen dituzte Lesakako plazan eta sari-banaketa arratsaldean eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun