Mugaz gaindiko artzaintzaren diagnostikoa egiteko prozesua paratu dute martxan Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko uztailaren 4a

Lurraldea garatzen lagunduko duten tokiko ekimenak garatzea nahitaezko jotzen du Berako udalak, eta bide horretan, sortu dute mugaz gaindiko artzaintzaren inguruko diagnostikoa sortzeko prozesua.

2021etik, Gure Mendia deituriko lan taldea martxan da, eta lan talde horren ondorio da orain sortu dena.  Urruña, Azkaine, Biriatu, Ziburu, Sara, Senpere, Ainhoa eta Baztanekin batera lantzen ari dira

Diagnostikoa eraikitzeko lehen urratsa, lurraldearen inbentario orokor bat egitea izango da, deskribapena, erronkak eta arazoak aztertuz. Horretarako, mendietako artzain eta abeltzainei egingo zaizkie inkestak beren erabilerak, beharrak, artzaintza-abeltzaintza erabileraren mailak eta motak zehaztu eta zerrendatzeko.  Halaber, mendiaren bertze erabiltzaileak ere elkarrizketatuko dituzte: basozainak, ehiztariak, aisialdia mendian egiten dutenak... 

Larhun eta Xoldokogaina eremuko artzaintza-erabileraren mapa kolektiboa izanen da lanaren emaitza. Halaber, abeltzainen behar eta mugen azterketa eta erronken irakurketa komuna eta espezializatua ere eginen dute: larreetan aritzeko eremuak, mugaz gaindiko azpiegituren proiektuak (ur-hornidura,), trafiko handia dela eta saihestu beharreko eremuak  eta suteen prebentzioan sinergiak bultzatu behar diren eremuak. 

Ekainaren 1ean hasi ziren proiektua lantzen, eta 2022ko urriaren 23a arte luzatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun