Dantza, musika, bertsoak, antzerkia... Lesakako plaza euskaltzalez betea zela, euskara ardatz eta oinarri aurkeztu zuten Bor-bor jende aitzinean larunbatean. Ritxi Abril eta Juanen Saralegi aktoreak izan ziren ekitaldia umoez gidatzeko arduradunak. Ondotik, hiru belaunalditako bertsolariak aritu ziren kantuan: Kattin Madariaga aranztarra, Julen Zelaieta beratarra eta Manolo Arozena lesakarra.
Lesakako Tantitumairu Folklore taldeak zintza dantza dantzatu zuen, eta Mentxu Peña aranztarrak eta Beñat Iratzoki etxalartarrak irakurri zuten elkarte sortu berriaren manifestua. Elkarrekin lan egitearen garrantzia nabarmendu zuten: «Elkarlanean eta elkarrekin ari nahi dugu. Euskara gure karriketan aditzeko, eta gure etxeetara, lantokietara, ostatuetara eta eskolara sartzeko. Zernahi lanetan aritzeko. Nonahi mugitzeko».
Elkartearen nahia azaldu zuten: «Bor-bor sortu dugu, Bortzirietako euskaltzaleen mugimendua, gure herrietan euskara sendoago aditzeko, esparru berrietara zabaltzeko, geuretik aritzeko, indarrak biltzeko. Mugimendua osatu nahi dugu, bor-bor paratu gure herriak. Elkarrekin ari, batera ekin»
Bortzirietako bortz herrietako dantzariek espresuki larunbaterako sortutako agurra dantzatu zuten, eta ondotik Bortzirietako bertso eskolako ikasleek kanta abestu bitartean, Unai Ruiz beratarrak egindako murala erakutsi zuten.
Trikitilariek eta txistulariek lagunduta Eskol Ttikira joan ziren, eta bertan zintzilikatu zuten datozen egunetan Lesakan egonen den murala.
Udan herriz herri aurkeztu ondotik, irailetik aitzinera ekinen dio Bor-borrek bere lanari.