Sonia Salgado, Josune Terreros eta Maripi Fagoaga, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen etxez etxeko langile lesakarrak ere udaletxeko balkoian izanen dira txupinazoa pizten. Beraiek izanen dira lan horretan aritzen diren zazpi langileen ordezkariak. Ordezkapenetan hiru gehiago izaten dira. Horietatik lau Lesakan aritzen dira eta 45 erabiltzaile artatzen dituzte. Etxez etxeko langileak hagitz eskertuak eta kontent daude gonbitarekin, «gure lanari balioa ematen zaiolako eta ikusgarritasuna emateko. Ardura baino gehiago ilusioa eta emozioa sortzen digu», aipatu digute.
Bi urte pasatxo hauek gogorrak izan dira bai langile hauentzat, baita beraiek artatzen dituztenentzat, «geure burua, baita beraiek ere babesteko neurri zorrotz guziak ongi betetzea zen ardura nagusia, denbora guziz beldurrez, beti protokoloarekin bueltaka, beraien burbuila hori ongi mantentzea… Etxetik ezin ateratzea ere gogorra egin zaie batzuei eta, kasu batzuetan, medikuak «baimen berezia» egin digu kanpora ateratzeko.
Gogorra izan da gure erabiltzaileak babestea, kasu batzuetan beldurra zuten eta. Oraindik ere ateratzeko beldurra dute batzuk».
Nolabait normaltasunerako bueltako sanferminak direla erran daiteke, baina «deus ez da lehen bezala» aipatu digute langile hauek: «Maskara gurekin geratu da eta positiboen aurrean protokoloak ere hor daude. Gu positibo bagara ezin dugu lanera joan, deus ez da lehen bezala… Poliki, poliki goaz».
Etxez etxeko zerbitzuko erabiltzaileek, bakoitzak bere modura bizitzen ditu sanferminak. «Denetarik daukagu –aipatu digute langileek–..Batzuk etxetik ezin atera, bertze batzuk San Fermin egunean familiarekin bazkaria izaten dute. Batzuk dantzak ikustera joaten dira gero, bertze batzuk bakar bakarrik etxean… Batzuk adin handia dute tea bilobak dantzariak baldin badira ikustera joaten dira eta bertze batzuk etxean, egunero bezala.
Lesakarrak izanik, sanferminetan gehien gustatzen zaiena galdetuta, «bezperako kuadrillen afaria, peñen eguna eta herri bazkaria» erantzun digu Sonia Salgadok. Josune Terrerosi «uztailaren 6ko txupinazoa eta eguerdiko giroa» gustatzen zaio gehien, baina baita «ezpata-dantzariak eta dantzak eta Txakaingo jaitsiera ere». Maripi Fagoagari, berriz, «bezpera eta San Fermin eguna» gustatzen zaizkio. Guttien, berriz, nahiko ados daude: «asteburuko jendetza eta desmadrea».