Koronabirusaren pandemia garaian egin duten eta egiten ari diren lana eskertzeko, sanferminetako txupinazoa pizteko ardura izanen dute aurten Lesakako osasun zentroko eta Andra Mari Zahar Etxeko langileek. Elkarren ondoan daude bi eraikinak eta bertan elkartu ditugu bateko zein bertzeko langileak, baita Zahar etxeko erabiltzaileak ere. Batean nahiz bertzean, gustura daude izendapenarekin.
Andra Mari zahar etxeko zuzendaria den Laura Apeztegiak aipatu digunez, «pozik, gogo handiarekin gaude… langileak egunero eta pandemian egindako lana eta ahaleginei omenaldia egitea polita eta merezitakoa izanen da». Lesakako osasun zentroko zuzendari, Ruth Gonzalezen erranetan, berriz, «ilusio handia egiten digu, lesakarrei batez ere, baina orokorrean lan talde osoari, egindako esfortzu guztia errekonozitzen dela sentitzen baitu». Lan talde handia izanik eta sanferminetan aunitzek lanean segitu behar dutenez, oraindik ez dute garbi zeinek piztuko duen suziria. Apeztegiak dioenez, «egun horretan denak udaletxeko balkoian egotea ezinezkoa izanen da –40 erresidente eta 25 langile ditu gaur egun Andra Mari zahar etxeak–, egoitzan “bizitzak” jarraitzen baitu baina talde koxkorra joanen gara… langile guztiei parte hartzeko aukera eman zaie eta denon artean erabakiko dugu nork botako duen suziria». Gonzalezen erranetan ere, «ez dugu pertsonalizatu nahi eta denak sentitzen gara errekonozituak: medikuak, erizainak, fisioterapeuta, administratiboak, gizarte langileak, garbitzaileak… gehiago edo guttiago ikusi, denek gogotik lan egin dute pandemia garaian. Lesakako herria ere eskertu behar dugu, boluntarioak, aipamen berezia Begoña San Juliani eta udalari, garai horretan emandako babesagatik, baita osasun publikoa babesteko plataforma babestu duten herritarrei ere».
Gibelera begira, bi urteotako gogorrena zer izan den galdetuta, zahar etxean «hasieran bizitako ezjakintasuna, kezka, beldurra ere… –aipatu digu zuzendariak– Bertakoentzat une batetik bestera ezin kanpora ateri, familiekin ezin egon, askatasun gabezia sentitzea; langileentzat eguneroko lanean egokitzeko beharra, kutsatzeari beldurra bai beraiek eta ondoan zituztenak, maskara une guztietan erabili beharra…».
Osasun Zentroan ere hasierako ezjakintasuna azpimarratu dute: «Gure inguruan lehen olatuan kasu gutti izan zen, okerrena 2020ko azaroan etorri zen, Covid-a Berako eta Lesakako zahar etxeetan sartu zenean. Baina denen elkarlanari esker, ongi antolatu eta atenditu ahal izan genituen. Bertze une latza joan den urteko sanferminak izan ziren, astebetez mila kasu baino gehiago izan ziren eta lan talde osoak lan gainkarga handia izan zuen, batez ere erizainek (kribadoak, probak, jarraipena…). Protokoloak aldatu direnez, horrelakorik ez dela izanen aurten aipatu digu Ruth Gonzalezek, ´pandemiak eta arriskuak hor segitzen du eta ezin daiteke erran oraindik normaltasunera bueltatu garenik, baina kutsatzen denari bertze edozein eritasun birikoa duenari bezala atendituko zaio».
Aitzinera begira
Laura Apeztegiak aipatu digunez, pandemia garaian ere zahar etxe barneko sanferminak ospatu dituzte, «langileen laguntzarekin, txupinazoa, entzierroa eta mariatxiak antolatu genituen, Aurten berriz, bertze modu batera izanen da, kanpora ateratzeko aukera dago da eta betiko ekitaldiak ikusteko modua ere bai» Alde horretatik, sanferminak zahar etxera ere ailegatzen dira, «orain dela urte batzuekin konparatuta talde eta ekitaldi gehiago hurbiltzen dira egoitzara… beti ongi etorriak dira sanferminetan edo urteko bertze garaietan, egunerokotasunetik ateratzea gustukoa dute».
Osasun zentroan, berriz, une kritikoa izan ohi dira Lesakako sanferminak. Ruth Gonzalezek azpimarratu duenez, «ez daukagu errefuertzorik, ez baitago mediku eta erizain aski eta Iruñean ere sanferminak dira. Bortziritar guztiak ez ezik, besta egitera datozenak ere artatu behar ditugu, langile estrarik gabe. Hori bai, 112ra deitzea eskatzen dugu, eskaria ahalik eta hobekien antolatu eta kudeatzeko, DYAren laguntza izanen dugu, herrigunean larrialdi arinak artatzeko bada ere. Azken urteetan, gehiegizko alkohol eta droga kontsumoak ekartzen duen agresioen gorakada sumatu dugu, baina gehien bat zauriak eta traumatismoak artatzen ditugu».
Egun bereziak zahar etxean ere
Andra Mari Zahar Etxean ere egun bereziak izaten dira sanferminetakoak: «Ez dira aunitz ateratzen –dio zuzendariak–, egun “lasaietan” batzuk familiekin buelta bat ematera joanen dira, aste bukaeran zaila izanen da herrian ibiltzea edozeinentzat. Otordu bereziak dituzte bestetan, horrekin ere gozatzen dute. Lesakarrak diren langileak (eta ez direnak ere batzuk) berriz, herriko bestak ikusteko gogoarekin eta otorduak egiteko asmoarekin ere bai, nola ez. Orokorrean, nire ustez, jendea ospatzeko gogoekin dago». Laura Apeztegia bera ere lesakarra izanik, modu berezian bizi ditu herriko bestak: «Egun guztiak bere xarma dute baina San Fermin eguna hagitz berezia iruditzen zait, dantzak, meza… peñen eguna ere polita da, eguerditako betizuak eta sortzen den giroa…». Eta guttien gustatzen zaiona, aldiz «aste bukaerako egunetan herrian ezin ibili, ezin lo egitea, zenbait jenderen errespetu falta, edozein bazterretan sortzen duten soinu eta zikinarekin…».