ANE MATXIKOTE

«Bueltan gaude, horixe da aurtengo besten berezitasuna eta hortik dator nire bi lanen izenburua ere»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 4a, 10:00

Ane Matxikotek irabazi du sanferminetako kartel eta portadaren azal lehiaketak eta gustura dago, «ez nuen espero» dio.

Ane Matxikote Etxeberria, Lesakako sanferminetako kartelaren eta programako portadako egilea

Alkaiagako Bordaxabalgo Ane Matxikote Etxeberriak, 19 urteko gazteak irabazi du aurten Lesakako San Fermin bestetako kartelaren eta programaren azal lehiaketak. Berak sortu eta diseinatu ditu bi lanak eta, hain zuzen, orain dela bi urte hasi zuen Sorkuntza eta diseinuko gradua  Bilboko Arte Ederren fakultatean. «Osasun zientzietako batxilergoa egin zuen pertsona batentzat aldaketa handia izan zen, baina orain inoiz baino gusturago nago egin nuen aukeraketarekin», aipatu digu Ane Matxikotek.

Sanferminetako kartel eta portada lehiaketa, bi-biak irabazita, hagitz kontent dago noski: «Sekulako sorpresa izan zen mezua jaso nuenean. Ez nuen inondik espero bat irabaztea, baina bi irabaztea...».

Lehenbiziko aldia zuen horrelako lehiaketa batean parte hartzen zuela. Matxikotek dioenez, «beti izan dut gogoa horrelako lehiaketa ttikitan parte hartzeko, baina beldurrak edo esperantza faltak ez dit utzi. Aurten, aldiz, Lesakako eta Berako lehiaketatan parte hartu dut. Ez da erraza arte munduan sartzea, eta oraindik zailagoa da artista gazte bezala ezagutzea, hortaz aukera hauek probextu nahi nituen».

Peñak eta ezpata-dantzariak

Kartelean, Lesakako arkitektura (eliza, plazako etxeak...) eta peñen eguna islatzen ditu; portadan, berriz, bi belaunaldiko ezpata-dantzariak... Bere lanerako inspirazioa zein izan den eta lan-prozesua nola izan den galdetzerakoan, garbi erantzun du alkaiagarrak: «Nik lanetan lortu nahi nuena xinpletasunarekin aunitz adieraztea zen. Aitzineko urtetako lanak begira egon nintzen eta estilo berri bat probatu nahi izan nuen: Marrazkiak digitalean, fondo monokromatiko batekin eta gainean zenbait elementu independienteki jarriak. Inspirazio iturri bezala Internetetik ateratako argazki batzuk erabili nituen, nolabait berezko sanferminak irudikatzeko. Kartelean peñen eguna aukeratu nuen, kalean jartzeko baita eta sanferminetan zer giro dagoen agertu nahi nuelako adin ezberdinetako jendea dantzan sartu dut. Peñen egunean jende guztia elkartzen da eta hor nabari da lesakar guztiek elkarrekin besta egiteko nahia eta momentu hori irudikatu nahi nuen. Aldi berean inguruan dugun arkitektura eder hori ere azaltzea nahi nuen eta kasu honetan eliza eta plazako etxe batzuk sartu ditut. Azalean, aldiz, gai hurbilago bat erabili nuen, familiarragoa, bi belaunaldiko dantzariak. Lesakarrentzat garrantzitsua baita zubigainekoa eta haur dantzariak etorkizuna ere adierazten du».

«Lesakar guztiak elkartu eta batera ospatzen dituzte, polita da hori ikustea»

Izenburuak ere bi lanek berdina dute, baina erranahi handikoa: Bueltan gaude. «Bai, bueltan gaude –dio Matxikotek–. Nik uste hori dela aurtengo berezitasuna; denbora batez ospatu gabe egon, eta berriz bueltan, pasa den guztia eta gero, berriz denak ospatzera elkartzea. Eta hortik dator bi lanen izenburua ere».

Lesakako sanferminetan gehien gustatzen zaiona zer den galdetuta, «batez ere, kanpotik ikusita, sortzen den giroa. Lesakar guztiak elkartzen dira eta denak batera ospatzen dituzte. Polita da hori ikustea», erantzun digu eta inoiz ez luke musika duten ekitaldirik kenduko: «Nik aldatuko ez nukeena musika duten ekitaldiak dira. Bertze tresna bat da jendea elkartzeko, bateratzeko eta kasu honetan, bai dantzetan bai bertze ekintzetan ere ongi ikusten da sanferminak musikarik gabe ez direla berdinak».

 

Besta auzora

Berako bestetan, ohitura da dianak eta bertze ekitaldiak ailegatzea baserri auzoetara eta Ane Matxikoteri gustatuko litzaioke Lesakako sanferminetako egitarauko ekitaldiren bat ere Alkaiagara ailegatzea: «Zergatik ez? Auzokoek behintzat sorpresa hartuko lukete».

Lesakako sanferminak, Alkaiagako santioak edo Berako sanestebanen artean aukeratu behar izanen balu, «Alkaiagakoa izanda maitasun berexia diet hemengo bestei, ttikitatik familia guztia elkartzen garelako auzoan», aipatu digu. «Hala ere, Berako sanestebanak politak dira niretzat, hurbiltasunagatik edo nire bizitza bertan egiten dutelako, nire bestak horiek direla uste dut, identifikatua sentitzen naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun