ESTITXU FERNANDEZ MARITXALAR ETA ERIKA LAGOMA POMBAR

«Sekulako beharra dago amatasunaren inguruan solastatzeko»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 3a, 08:00
Estitxu Fernandez Maritxalar eta Erika Lagoma Pombar beren liburua eskuetan dutela.

11 amaren eta 2 aitaren testigantzak bildu, eta feminismoa eta amatasuna oinarri hartuta  'M, *ama, *eme, *ume' liburua argitaratu berri dute Fernandez Maritxalar eta Lagoma Pombarrek 

Amatasuna eta feminismoa. Bi oinarri horietatik abiatuta sortu dute Estitxu Fernandez Maritxalarrek eta Erika Lagoma Pombarrek M ama*, eme*, ume* saiakera. Euskal Herriko 13 txokotara joan eta 11 amaren eta 2 aitaren testigantzak bildu dituzte liburuan, eta June Fernandezen hitzaurrearekin osatu dute liburua. Maiatzaren 5ean aurkeztu zuten, eta geroztik, hainbat lekutan ibili dira. Lesakan ekainaren 5ean egindako aurkezpenaren aitzinetik bildu ziren Ttipi-Ttaparekin. 

Durangoko Jardunaldi Feministetan sortu zen liburua idazteko beharra eta gogoa. Zer behar nabaritu zenuten?

Erika Lagoma: Lehenbiziko beharra gai honi buruz solastatzeko espazioa izatea. Ehunka tailer eta hitzaldi horietan bakarra izan zen amatasunaren inguruan, eta ikusi zen espazio hori hagitz txiki gelditzen zela. Sekulako beharra zegoen solastatzekoa, aditzekoa, eta gure amatasunak bertzeen ispiluetan ikustekoa; ikusteko bertzeek nola egiten duten, nola bizi duten... Sumatzen zen badela garaia gaia lehenbiziko lerrora ekartzeko. 

Estitxu Fernandez: Han egondako amek erraten zutena bereziki zen ama izatearen ondorena hagitz gogorra izan zela eta ez zutela espero tokatu zitzaiena. Gure sentsazioa da, eta liburuan nahiko nabarmen ikusten da nahiko irentsia dugula oraindik sistemak eskaintzen digun amatasun eredu hagitz tradizional hori. Umea jaiotzen denean zu desagertzen zara, eta bere beharrak daude zure behar guztien gainetik. Horrekin batera, ordea, jarrai dezakezu egiten gauza bera: umea jaioko da, baina, ez duzu aunitz nabarituko eta gainera errealizatuko zara lanaren bitartez eta umearen zaintza delegatu behar duzu. 

«Amatasuna epaiketa konstante bat da»

Eredu zabaldua da.

E.F: Sistemak eskaintzen digun eredu hori nahiko sinetsia dugu. Ama bihurtzen garenean, ikusten dugunean, ume horren beharrak lehenetsi behar direla, eta ezin duzula zu zarena izaten segitu behintzat bolada batez eta, behera erortzen zaigu mundua. Sistemak ez du hori onartzen eta erraten dizu, lehengo bera izaten segitzeko. Gure nahia zen testigantzak, edo amen esperientzia diferenteak aditzea, beraiek nola egiten duten ikusteko, eta ama izan ez direnek izan nahi badute jakiteko zer den hori. Ikusteko amatasunak zer dakarren, eta eredu pila bat daudela. 

Ordura arte errealitate bakarra ikusten zenuten?

E.L: Bai, ez behintzat hain eredu anitza edo hain zaila. Bakardadea behin eta berriz agertu den hitza da. 

E.F: Bakardade horri lotuta dago aunitzetan kulpa edo errua. Ama aunitzek erraten duena da zaplazteko hori hartzen duenean sentsazio hau zutela: «Hau zerbait nirea da, intimoa, lau pareten artean konpondu behar dena, eta pribatua. Nik ez nekien hau horrela zenik, eta ea nola irensten dudan hau». Eta liburuak erakusten du ez dela arazo pribatu bat, arazo publiko-politiko bat da. Egin ditzakegu guk gure malabarismoak, baina, dagokionari ere eskatu behar zaio ardura. Horregatik ematen dio liburuak leitzen duenari arnasa hartzeko aukera, eta pentsatzekoa dena ez dela berea eta erantzukizuna gizarte osoak daukala. 

Liburua «plazeretik» egin dutela dio Estitxu Fernandez Maritxalarrek.

13 elkarrizketa, amatasuna eta aitatasuna bizitzeko 13 modu diferente. Nolakoa izan da elkarrizketatuak aukeratzeko prozesua? 

E.L: Elkarrizketen aitzinetik sukalde lan bat egin genuen, marko teorikoa idatzi, eta pentsatu genuen ze profil ukitu nahi genituen. Bagenekien ertzak ukitu behar genituela, baina, ezin genuela ahantzi ohiko amatasuna. 

Zergatik? 

E:L: Emakumeak jada ertzean gaudelako, amak oraindik eta ertzerago eta gainera zalantzarik gabe bertze zapalkuntza batzuk ukitzen bazaituzte ba oraindik gehiago zailtzen dute bizipena. Baina ohiko hori ere agertzea nahi genuen, gehienak hor gaudelako.

Eta hausnarketa horren ondotik zer?

E.L: Hori argi edukita profilak marraztu genituen. Argi genuen ama bakarra agertu beharko zela, adoptatu duena, ama ez haurdun bat lesbiana bikote batean… Gai pila bat zeharkatzen dira, eritasuna eta amatasuna, tratu txarrak eta amatasuna, migrazioa… Eta batzuk ezagutzen genituen, baina, ez sobera, eta bertze batzuk ez. 

Zer eman dio horrek liburuari?

E.L: Horrek ekarri du ez jakitea zer kontatu behar ziguten. Aurreiritzirik gabe, hagitz zabalik joan gara erranen ziguten horretara, eta hori liburuarentzako kristorena izan da. Bagenuen bertze beldur bat zen, gauzak errepikatzekoa. Eta joaten ginen elkarrizketa bakoitzean hari mutur pila bat zabaltzen ziren. Badaude gauza batzuk errepikatzen direnak, baina ez dira bizipen errepikakorrak.

Nolakoa izan da elkarrizketak egiteko prozesua? 

E.F: Topatu genituenean beraiekin harremanetan jarri, eta toki segurua aukeratzeko eskatu genien. Bagenekien aitzinetik, eta elkarrizketetan bertan ikusi dugu ez zela izanen kazetaritza elkarrizketa soil bat, zerbait berezia izanen zela, espazio seguru bat behar zela, bera lasai egonen zena eta konfiantza handia emanen ziona. Funtsean egin duguna da aditu, ez epaitu, ulertu eta bere tokian jarri. Horrek lasaitasuna eman die haiei sentitzeko edozer gauza kontatzen ahal zutela. 

«Konfiantza sortu ez balitz ez legoke libururik»

Beraiek zuekin hustu diren sentsazioa izan duzue? 

E.L: Bai. Hiru edo lau orduko elkarrizketak izan dira. Seguru gurekin solastatu diren bezala ez direla bertze inorekin solastatu gai honi buruz. Hagitz inportantea izan da konfiantzazko testuingurua. Estitxuk kristoren lana egin du horretan, eta bere psikologo izaera  eta komunikatzaile ibilbide horretatik izugarri ongi sustengatu ditu elkarrizketa horiek. Ni ere beti egon naiz, baina, nire funtzioa gehiago izan da zaintzea. Elkarren arteko konfiantza hori ez balitz sortu, liburu hau ez litzateke hemen egonen. 

Elkarrizketak egin ondotik, nolakoa izan da idazketa prozesua? 

E.F: Dena bien artekoa izan da, hasi eta buka. Erikak erraten duenean elkarrizketetan ni egon naizela presentzia handiagoarekin hori da bakoitzaren indarguneak aprobetxatu ditugulako. Idazketa prozesua ere berdina izan da, eta elkarrizketak erdibana egin ditugu. Hori Erikaren indargunea da, eta ni erabat ados egon naiz hasieratik hizkuntza soila izan behar zuela, artifiziorik gabea, zaindua. Hori berak markatu du, baina, biak ibili gara. Amatasunaren hasieran bezala, inplikazioa berdina izan da, baina, funtzioak ez. 

Maiatza hasieran kaleratu zuten liburua bi idazle lesakarrek. Argazkia: Ander Gillenea.

Ez da ohikoena liburua lau eskutara idaztea. 

E.L: Horrek eskatzen du egoa alde batera uztea. Eta hori inportantea da elkarrekin lan egiteko, eta ez dugu izan inolako arazorik. Bakoitzari bere indarguneak aitortzea eta askatasuna emateak norberari deskantsua ematen dio. Kostatzen zaigu gauzak bertzeei uztea, eta horretarako sekulako ikasbidea izan da.  

E.F: Guretzako kristorena izan da. Hasieratik erran genuen proiektu hau biek elkarrekin eginen genuela. Hasieratik genekien elkar zainduko genuela, eta saiatuko ginela gozamenetik egiten, plazeretik. Horiek izan dira gure bi printzipio nagusiak, eta uste dugu ezin dela bertze modu batera izan, zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko aldarrikatzen ari garelako. Eta hori ere eman digu. Lehen elkar aunitz  maite genuen, eta orain gehiago. 

Ama hitzak presentzia handia du liburuan, izenburutik abiatuta. 

E.F: Ama hitza izenburuan bertan dago bai, baina, ez genekiena zen elkarrizketatuek hori berretsiko zuten edo ez. Elkarrizketatutako guztiek ama hitza eta kontzeptua hobesten dute. Emea, umetokia duena, haurdun gelditzen dena, erditzen dena, erdiondo hori bizi duena umearekin kontaktu estu horretan pertsona ama da, eta denek nahi dute gure liburuan ama deitzea, eta zerbait politikoa dela erraten dute. Hori bada atera behar den bertze aldarri bat ere, behintzat bizitzaren hasieran. Umea koskortu denean solastatu daiteke berdintasunaz, baina, hasieran funtzioak ez dira berdinak. Amaren gorputzean dago ume hori, eta jaio eta hurrengo hilabeteetan ere bere gorputzean segitzen du. 

E.L: Funtzioez eta denborez ari gara, liburuan aipatzen da, guraso hitza politikoa bada, ama hitza ere politikoa dela. Batzuetan berdintasun eta berdinkeriaren arteko marra hagitz fina da, eta berdintasunaren izenean posible da gauza batzuk estaltzea. Eta egiten ahal dugu, libre gara horretarako, baina, kontziente izan gaitezen zer ari garen estaltzen. Eta normalean gauzak estaltzen ari garenean emakumeak ateratzen gara galtzen. 

«Feminismoaren agenda lan esparrura begira egon da»

Ama hitza aldarrikatzen da liburuan, baina, bi aitaren testigantza ere bildu dituzue. Zergatik? 

E.L: Hausnartu genuen gaia da eta ez genuen argi izan hasieratik. Guk ez genuen nahi bakarrik izatea ulertua emakumeentzako edo amentzako, gai honek denak ukitzen gaituelako. Amatasunak duen eragin eta funtzio soziala ezin da ukatu, hasteko denak garelako norbaiten seme edo alabak. Ez genuen emakumeentzako liburu gisa leitzea nahi, eta ez hori gutxi iruditzen zaigulako, baizik eta uste dugulako hor agertzen dena gizonek ere leitu behar dutela. Errazagoa da ziur aski liburura hurbiltzea gizonezkoen testigantzak ere egonda, nahiz eta 11 eta 2 diren. Eta bertzetik bertze eredu batzuk ere plazaratu nahi genituelako. Inportantea da konturatzea aitek zer egiten ahal duten amatasun bizigarrien alde, edo kontra. 

Amatasuna bizitzeko 13 modu ageri dira, eta badira hor behin eta berriz errepikatzen diren kontzeptuak: epaia adibidez 

E.F: Egiten duguna egiten dugula epaituak gara. Titia ematen badiozu epaitua, eta biberoia ematen badiozu ere bai, adibide sinple horrekin esplikatzen dira gainontzeko epai guztiak. Epaiketa konstante bat da amatasuna, eta sistemak ekarri diguna da amak elkarren artean epaitzea, eta gure esku dago hori puskatzea. Horretarako da liburu hau, eredu desberdinak erakusteko. Egiten dugu uste duguna, ahal duguna ere bai, ez nahi duguna. Uste dut horretan ere lagunduko duela, epaiketa jaisten, emakumearen gainean hainbertzeko zama ez jartzen, izan ere epaiketak hori ekartzen du, autoexijentzia handi bat.

Liburua kaleratuta, jendea aditzeko gogoz dago Erika Lagoma Pombar.

Ama eta feminista gisa sentitu duzue feminismoak ez duela zuen bizipena aditu? 

E.L: Uste dut feminismoak egin duela borroka bat guztiz beharrezkoa, eta norbaitek begiratu badu amatasuna hori feminismoa izan dela. Feminismoa ezinbertzeko borroka batetik dator, amak etxean kaiolatzen zituen amatasun eredu hori erauztetik. Argi dago eredu hori kartzela zela, eta horrekin hautsi behar zela, eta eskerrak egin duen. Baina, pasa dira urte batzuk,  aunitzetan gauzak aldatzeko muturrera joan behar da eta feminismoa amatasunaren instituzioa ukatzearekin batera seguru aski amatasunaren esperientzia eta bizipena ukatzen joan da. Uste dugu eredu horrek bakarrik ez digula balio, eta gibelera begiratu behar dugula, ikusi zer irabazi dugun, mesede egiten diguten gauzekin gelditu, eta kalte egiten digutenak bazterrera utzi.

E.F: Feminismoak ukazio horretatik egin du aitzinera, baina, hor gelditu da. Feminismoaren agendan egon dena izan da batez ere lan esparrura begira eta horretara mugatuz, eta ikusi gabe ume jaioberri hori eta bere beharrak, eta eskubideak ze inportanteak diren. Begirada zabaldu behar da. Feminismoak egin duen bide horretan aukera hori dago, lanera itzultzekoa, eta ez da sekulako aukera ere, kontziliazioa ez delako existitzen. Baina bertze eredu guztiak non daude? Feminismoak horri begiratu behar dio. Liburuan agertzen da hori, feminismoari eskertza handia bat, baita aldarri bat ere: begiratu, aditu guri, ez solas egin gure partez. 

«Liburuak ispiluaren aurrean jartzen zaitu»

Hilabete pasa da aurkeztu zenutela. Nolako harrera izan du? 

E.L: Interesa jaso dugu: komunikabideen aldetik, aurkezpenak egiteko… Hagitz eskertuak gaude. Uste dugu ez dela kasualitatea, eta gai hau azaleratzen ari dela, eta ez bakarrik gure liburuarekin, baita bertze proiektu batzuekin ere. Eta hartu duguna da, aunitzentzat sendagarria dela arrunt. Tripak ukitzen ditu, jartzen zaitu ispiluaren aitzinean, eta ez zeure burua epaitzeko, begiratu ez diozun lekuei begiratzeko baizik. Eta, era berean konturatzen zara ez dela zure kontua, sistema oso bat dagoela ondorio eta bizitzeko modu horiek ekartzen dituena eta deskantsu moduko bat ematen dizu. Gizonen aldetik ere dezenteko feedbacka hartu dugu, leitu dutenen dutenean artean, sare sozialetan elkarrizketak zabaldu dituztenen artean, baita aurkezpenetan ere. 

Hemendik aitzinera zer? 

E.L: Orain solastatzea tokatzen zaigu, baina desiratzen gaude solastatu baino gehiago, berriz ere jendea aditzeko. 13 testigantza  dira, baina, beti erraten dugu entziklopedia bat izan beharko lukeela. Badakigu hautu bat egiten duzun momentutik ari zarela begiradak eta esperientziak kanpoan uzten. Eta ama bat ikusten dugun aldiro pentsatzen dugu berak ere bertan egon beharko lukeela. 

E.F: Ea poliki-poliki lortzen den agenda feministan orain dagoena baino hausnarketa zabalago bat. Amatasunaren inguruan dauden erronka politikoak kondenatzen gaituzte mutur horretara. Ez gara libre nahi dugun amatasuna aukeratzeko, aukera ia bakarra dagoelako. Eztabaida mahai gainean jartzen bada, eta mugimendu bat sortzen bada gure helburua bada akuilu izatea. Ematen du liburua atera, honekin solastatu eta hurrengo liburura arte nahiko dela. Eta ez, zerbait iraunkorra izan dadin nahi dugu, agenda feministan egon behar dugu, sistema interpelatu eta dauden biolentziak eraitsi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun