Lesakak zazpi ibilbide turistiko sartu ditu 'TopRutas' aplikazio ezagunean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 30a, 20:00
Digitalizatutako ibilbide gehien-gehienak errazak eta laburrak dira, familiarekin edo lagunartean egiteko modukoak.

Telefono mugikorretan erabiltzeko doako aplikazioa da eta ibilbide turistiko digitalizatuak biltzen ditu

Lesakako Udalak zazpi ibilbide seinaleztatu ditu digitalki TopRutas aplikazioaren bidez, Android edo iOS mugikorretan deskargatu daitekeena. Horietako bi herrigunean daude (Herritik paseotxoa eta Lesaka: pelikulen eszenatokia), eta gainerako bortzak mendi-ibilbideak dira (Fraingo Buelta, Argiñeneko Erreka, Berrotarango Buelta, Olazarreko Buelta eta Lesakako Mendi Lasterketa). Azken hau izan ezik, bertze guztiak familian egiteko ibilbideak dira, zailtasun txikikoak, 9 kilometro baino laburragoak eta 600 metroko desnibelera ailegatzen ez direnak.

Horrela, Lesaka bisitatzen duten turistek eta herriko nahiz eskualdeko bizilagunek ibilbide eder hauek egiteko aukera izanen dute, bidean galtzeko beldurrik gabe. Aplikazioa irekitzean, erabiltzaileak zazpi ibilbideetako bat aukeratu beharko du. Deskribapena irakurri ondotik, Jarraitu Ibilbidea botoia sakatu beharko du, eta pantailan satelite-mapa bat agertuko da, horiz markatuta egonen den jarraitu beharreko ibilbidearekin. Jarraipena errazteko, zirkulu urdin batek uneoro markatuko du erabiltzailea non dagoen. Gainera, bidean zehar hainbat interesgune daude eta erabiltzaileak hauen azalpena testu edo audio bidez jasoko du.

Proiektu honek pasa den urtean herriko Turismo Plana egitean identifikatu zen ahulezia  nagusia zuzentzeko helburua dauka: mendian dauden ibilbideen seinaleztapen eskasa. Horrela, Lesakako Udalak bere eskaintza turistikoa hobetzeko eta zabaltzeko lanean segitzen du. Gainera, hau ez dela inolaz ere proiektu itxia izanen eta datozen hilabeteetan berrikuntzak egon daitezkeela adierazi dute.
TopRutas aplikazioa, guztiz doakoa eta euskaraz nahiz gazteleraz erabilgarri dagoena, turismo bulegoan dagoen QR kodearen bidez edota Play Store / App Store-an deskargatu daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun