232 haurrek hartuko dute parte Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako udalekuetan

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 1a, 08:00

Uda ailegatu eta eskola bukatzearekin bat, udalekuetarako txanda da haur aunitzentzat. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak urtero bezala antolatu ditu aurten ere udalekuak, eta denera 232 haurrek hartuko dute parte.

Euskara ardatz, ur-jolasak, igerilekura irteerak, herri kirolak, eskulanak... udako goizak ederki aprobetxatzeko aukera izanen dute aurten ere parte hartzaileek. 

Arantzan, 33 haur eta hiru begirale elkartuko dira astelehenetik ortziralera eskolan. Beran, 82 haur elkartuko dira zortzi begiralerekin. Berako kasuan, denak Ricardo Baroja eskolako ate nagusitik sartuko dira, baina, Haur Hezkuntzakoak Ricardo Baroja eskolan egonen dira, eta Lehen Hezkuntzakoak, aldiz, Labiaga ikastolaren DBHko eraikinean. Etxalarren Landagain eskolan elkartuko dira izena eman duten 31 haurrak eta lanean ariko diren hiru begiraleak. Igantziko kasuan, aldiz, 15 haurrek eman dute izena eta bi begirale egonen dira lanean, eta hauek ere eskolan elkartuko dira. 

Lau herri hauetan uztailaren 4tik 29ra elkartuko dira astelehenetik ortziralera 10:00etan hasi eta 13:00ak arte. 

Lesakan abuztuan ere bai

Sanferminak tarteko, bertze herrietan baino beranduago hasiko dira udalekuetan Lesakako haurrak. 71 haur apuntatu dira eta kasu horretan uztailaren 11n hasi eta abuztuaren 26a bitartean izanen dituzte udalekuak, eta ordutegia ere luzeagoa izanen dute. 09:00etan hasi eta 13:00ak arte elkartuko dira Irain eskolan. Lesakako kasuan, abuztuko azken hiru asteak udalak antolatzen ditu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun