Uxuri Portu lesakarrak Espainiako trial txapelketa irabazi du Cartagenan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 29a, 17:00

9 eta 12 urte arteko nesken kategorian nagusitu zen eta Xabier Valverde bederatzigarren izan zen infantil mailan

Espainiako trial txapelketa jokatu zen ekainaren 25ean Cartagenan (Murtzia) eta bertan izan ziren, Nafarroako selekzioarekin, Xabier Valverde eta Uxuri Portu lesakarrak. Biek proba bikaina egin zuten, Uxuri Portuk batez ere, txapeldun izan baitzen 9 eta 12 urte arteko nesken kategorian.

Uxuri Portuk proba bikaina egin zuen eta 100 puntuko aldea atera zion bere kategorian bigarren sailkatu zenari. Kategoria mistoan bederatzigarren postua eskuratu zuen.

Beranduxeago lehiatu zen Xabier Valverde. Hemezortzi gaztetxo aritu ziren infantil mailan eta lesakarrak bederatzigarren postua eskuratu zuen. Hasiera bikaina izan zuen eta bigarren zatian ere ongi ibili zen, baina maila handiko lehiakideak zituen.

Lesakako Trial taldeak eskerrak eman nahi dizkie «Lesakako udalari, Berako Katea Bikeri, janariri eta Ttipi-Ttapari, gure gazteen lana eskualdean ikusarazteagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun