Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua aurkeztuko dute larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 29a, 14:00
Hainbat euskaltzale apirilaren 23an egindako aurkezpenean.

Azken hilabetetan su goxoan egosten ibili ondotik, larunbatean, uztailaren 2an aurkeztuko dute Lesakako Plaza Zaharrean Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendu berria. 12:00etarako egin dute hitzordua. Bortzirietako euskaltzaleei Lesakako plaza euskararen alde betetzeko deia egin diete. 

Bertsolariak, dantza, antzerkia, musika... euskal kulturak presentzia nabaria izanen du aurkezpenean, baita irudiak ere. Aurkezpenarekin batera marraztuko dute Bor-borren asmo eta ideiak biltzen dituen horma-irudia zuzenean eta ondotik denak batera musikarekin lagunduta ibiltaria izanen den horma irudia bere lehenbiziko tokian paratuko dute. Lesakakoa izanen da horma-irudiaren lehenbiziko geldialdia, baina, udan batetik bertzera ibiliko da Bortzirietako bortz herrietan barna. 

Lesakan larunbatean eginen duten aurkezpen publikoaren ondotik, horma-irudia Bortzirietako bertze lau herrietara eramanen dute eta bertan aurkezpen txikiak eginen dituzte udan Bor-bor ezagutarazteko. Udako aurkezpenen ondotik, irailean, ikasturte berriarekin bat ekinen dio euskaltzaleen mugimendu berriak bere jardun iraunkorrari. 

Nondik sortu da Bor-bor euskaltzaleen mugimendua?

Iazko udaberrian plazaratu zuten Bortzirietan euskalgintza artikulatzeko modu berri baten beharra mahai gainean. Orduan, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta, hausnarketa prozesu bat paratu zuten martxan, eta bertan eratu zen Bor-borren ernamuina izanen zen lantaldea. Geroztik, urtebetez Bortzirietako euskaltzale talde bat jardun da etorkizuneko Bortzirietako euskalgintza artikulatuko zuen mugimendu edo talde baten sorrera prozesuan lanean. 

Lantalde hori su goxoan aritu da Bor-bor sortzeko lanean, egin beharreko lanak identifikatzen, antolatzeko modu berriak sortzen eta mugimenduaren oinarriak ezartzen. Horiek denak dagoeneko aurkeztu zituzten apirilean hainbat euskaltzaleren aitzinean egindako batzarrean. Hori aurkeztu eta onartuta, lagun gehiago aritu dira larunbateko aurkezpena eta etorkizuneko Bor-borren lan ildoak marrazten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun