Triku Trail mendi lasterketako podiumera igo da Aimar Otxoteko lesakarra

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 08:00
Aimar Otxoteko lesakarra (argazkian, eskuinean), gustura, Triku Trail lasterketan lau lehenbizikoak izan zirenen artean. Argazkia: Nerea Mazkiaran (Diario de Noticias).

Beti Gazte Lasterkako kirolaria hirugarren izan zen, Walter Becerra eta Xabier Zarranzen gibeletik

 

Triku Trail mendi lasterketa ezagunaren zortzigarren edizioa egin zen igandean Etxarri Aranatzen. Kanpinetik abiatu eta bertan izan zuten helmuga eta bien bitartean, Aralarko parajeetan barna 21 kilometroko luzera eta 2.800 metroko desnibela zuen ibilbidea osatu behar izan zuten proba burutu zuten 190 kirolariek. Gizonezkoetan, Sestaoko Walter Becerra (1.45.34) eta Irunberriko Xabier Zarranzen (1.48.26) gibeletik, hirugarren izan zen Beti Gazte lasterka taldeko Aimar Otxoteko Larrarte lesakarra (1.50.01).

Triku Trail lasterketako emakumezkoen eta gizonezkoen podiumean, ezkerretik hasita lehena, Aimar Otxoteko lesakarra. Argazkia: Nerea Mazkiaran (D.Noticias)

Eskualdeko kirolari gehiago ere izan ziren lehen postuetan. Honela, Elizondoko Iñaki Telletxea hamargarren izan zen (1.57.06) eta Mikel Altadill leitzarra hamabosgarren (2.02.23). Joseba Lasarte beratarra (2.07.37) hogeita seigarren izan zen sailkapen orokorrean eta laugarrena beterano mailan.

Emakumezkoetan, lehen postua Aretxabaletako Ainara Urrutiak lortu zuen, bigarrena Tolosako Leire Elolak eta hirugarrena Lakuntzako Marina Zabalak.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun