Lesakako Rallyan kopilotu izateko zozketa solidarioa eginen dute

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 10:00

Uztailaren  23an eginen dute Lesakako XIX. Rallysprintaren edizioa. Bertan parte hartuko duten Lesakako Xabier Andueza, Sarasateko Iñaki Zozaia, Gabiriko Iñigo Alustiza eta Berako Joseba Beola piloto-kopilotoekin batera lasterketa egiteko zozketa antolatu du Ziharka sport automobilismo taldeak.

ANELA Nafarroako Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren elkartearen aldeko zozketa solidarioa izanen da. Parte hartzeko txartelak 10 euroan paratu dituzte salgai, eta 687 957 083 zenbakira bizum bat eginda eskuratu daitezke. Kontzeptuan eroslearen izena paratu beharko da, eta horrekin batera mezu bat bidali beharko da anelazozketa@gmail.com helbidera. Behin mezua bidalita, egun berean txartelak jasoko dituzte parte hartzaileek helbide horretan bertan.

Zozketa heldu den astelehenean, uztailaren 4an eginen dute Harriondoako ataria 18:00etan, eta zuzenean emanen dute Ziharka Sport taldearen Instagram kontuan. Irabazleek lehiaketan parte hartuko duten hiru kotxe hautetako batean kopilotu izateko aukera izanen dute: Porsche 911 GT3, Mitsubishi Lancer Evo X edo Peugeot 208 R2. Irabazleez gain, auto bakoitzeko bertze bi plaza ere zozketatuko dituzte, erreserba gisa izateko. 

Zozketan parte hartu nahi ez dutenek ere izanen dute dohaintza egiteko aukera, 687 957 083 zenbakira bizuma eginda, «donazio» hitzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun