Udako solstizioaren besta bor-bor ospatu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 24a, 08:00

Bi urteko geldialdiaren ondotik, udako solstizioko besta egin zuten atzo Lesakan, Gu hemen, zuek hor, euskararen alde bor-bor goiburupean. Beti bezala, bertsoak, dantza, sua, musika eta jatekoak eta edatekoak izan zituzten.

Arratsalde osoan taloak izan ziren, Tantirumairu ikastolako guraso eta irakasleen eskutik; Lesakako bertso-eskolakoek Biziberrituz euskara kantatu zuten. Ondotik, Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena irakurri zuen Txoltxan Txoperenak eta sua piztu zuten, nolabait batzordearen lekukoa hartuko duen Bor-Bor Euskaltzaleen Mugimenduaren eskutik, Lide Igoak eta Paxkual Tabernak. 

Eta hain zuzen ere, bi horiek izan dira aurtengo omenduak, Lesakako Euskara Batzordea bere hamarkadetako ibilian euskarari eta herriari egindako ekarpenagatik, eta Bor-Bor euskaltzaleen mugimendua, euskararen sua itzal ez dadin eta etengabe piztu dezagun. Hain zuen, Bor-Bor ekimenaren aurkezpena uztailaren 2an eginen dela jakinarazi zuten.

Ezpata-dantzari taldeak entsegua ere egin zuen plazan sanferminei begira, Unai Gurrutxaga aitzineskua gidari zutela eta txistularien doinupean. Ondotik, herri afaria izan zen norberak eramandakoarekin. Euskara Batzordearen kontu izan ziren mahaiak eta aulkiak eta plazan bertam izan zen edaria. Afaldu eta gero zozketa egin zuten eta dantzaldia Gabenara taldearekin.

Adierazpena

Arratsalde on, lesakarrok. Bi urteko etenaldi luze baten ondotik hemen bildu gara berriz ere, udako solstizioaren inguruan, Lesakako euskara eguna ospatu nahian.

XX. mendean, 80ko hamarkadan, ikusita Bortzirietan gure hizkuntzak bizi zuen egoerak harroaldi bat behar zuela olatu erraldoi bat altxatu zen eta jende multzo haundi batek lanari ekin zion.

Herriz herri batzar jendetsuak egin ziren eta denen ideiak bilduz nolabaiteko egitura sortzeko beharra ikusi zen, eta nola izaten ahal zen ere adostu.

Hausnarketa prozesuaren ondotik Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri eta Hizkuntza Politikorako arduradunekin bilerak egin ziren, eta euren aldetik proposamen garbirik ez zegoenez Bortzirietako batzarretan proposatutako antolakuntza eta egiturak ontzak jo zituzten eta diruz laguntzeko prestutasuna agertu zuten. Honela, 1990ean Bortzirietako Euskara Mankomunitatea sortu zen, Nafarroan lehenbizikoa izan zena eta hurrengoetarako nolabaiteko eredua ezarri zuena.

Hau zen Mankomunitatearen egitura:

  • Batzorde Erabakitzailea: 7 zinegotzik osatua, Bera eta Lesakatik bina eta Arantza, Etxalar eta Igantzitik bana.
  • Aholkularitza Batzordea: 7 euskaltzalek osatua aitzineko proportzio berean.
  • Herriko Batzordeak: herri bakoitzeko eragileek osatuak.
  • Euskara sustatzaile bat hasieran, bi gerora.
  • Idazkaria.
  • Administraria.

Udaletako eta Nafarroako Gobernuko diruarekin honako laguntzak banatzen ziren, bertzeak bertze:

  • Bertsozale Elkartea.
  • Xorroxin Irratia.
  • Ttipi-Ttapa aldizkaria.
  • Bortzirietako Euskaltegia.
  • Doakotasun programa: gaur den egunean euskaltegian dohainik ikasten ahal da.
  • Haur udalekuak.
  • Nafarroa Oinez
  • Korrika...

30 urte beranduago bigarren olatu batek dardaraldi bat eman nahi dio euskararen inguruko mugimendua moteltzen ari zela iritzita Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua sortu da, eta bortziritar guziak, bakoitzak nahi edo ahal duen neurrian, gonbidatzen ditu gure hizkuntzaren alde lan egitera.

Adi egon! Lesakan uztailaren 2an Bor-bor ekimenaren aurkezpena eginen da. Anima zaitezte!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun