Euskal Herriko Pentsionisten Bizikleta Martxari ongi etorria egin diote Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 23a, 18:00

Ekainaren 13an abiatu zen martxa Donostian, eta atzo ailegatu zen eskualdera Euskal Herriko Pentsiodunen 1. Bizikleta Martxa. Eskualdeko hainbat herri gurutzatu ondotik, Beran egin zien ongi etorria Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduak.

Altzateko plazan elkartu ziren bizikleta martxan dabiltzan pentsionistak, zein harrera egin zietenak, eta beren aldarrikapenak irakurri zituzten: gutxieneko pentsioa 1080 euro izatea, zerbitzu publikoen defentsa eta zaintza lanak partekatzea.

Ondotik, Aitor Elexpuru Berako alkateak eskerrak eman zizkien pentsiodunei Beran geldialdia egiteagatik, eta beren aldarrikapenekin bat egiten dutela nabarmendu zuen. Ondotik, Patxi Castillok bertso bat eskaini zien eta ekitaldia bukatzeko musika izan zuten. 

Gaur goizean berriz ere abiatu dira pentsionistak beren bidea jarraitzeko, eta Baionan bukatuko dute gaurko etapa. Larunbatean bukatuko da martxa Donostian, eta bertan 12:00etan manifestazioa izanen da Donostiako Alderdi Ederren hasita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun