Gavarnie eta Taillonera mendi irteera eginen dute Manttalek eta Agerra Mendi Taldeak uztailaren 16an

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 22a, 15:00
Taillonera joandako mendizaleak 2019ko txangoan.

Bi urtero bezala, Taillonen hildako Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi oroitzeko mendi ateraldia prestatu dute Agerra Mendi Taldeak eta Manttalek. Uztailaren 16an izanen da irteera, eta nahi duten guztiek parte hartzen ahal dute.

Bi irteera desberdin prestatu dituzte. Bietan errazena Gavarnie herritik aterako da Bujarueloko lepora igotzeko. Denera lau ordu inguruko ibilbidea eta 600 metroko desnibela izanen ditu horrek.

Bigarren irteera, aldiz, gogorragoa izanen da, mendizale zailduagoentzat. Col de Tentesetik aterako da, Bujaruelotik pasa eta Sarradetseko aterpetxera ailegatzeko. Bertatik Errolanen Bretxan barrena Taillonera igoko dira. Itzulera bide berdinetik eginen dute, eta denera 6 ordu inguruko iraupena eta 1.200 mertroko desnibela izanen dituela kalkulatu dute.

Ondotik, bi martxetako partaideak Bujaruelon elkartuko dira, Taillonen hildako Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren omenezko monolitoan. Omenaldiaren ondoren Gavarnie herri ondoan bazkaria eginen dute.

Txangoa goizeko 05:30ean aterako da Berako Iamotenea pareko aparkalekutik, iluntzeko 21:00ak edo 22:00ak inguruan ailegatuko dira berriz Berara. Prezioa 25 eurotakoa da, eta autobus bidaia, eta bazkaria daude barne prezio horretan.

Izen emateak mugatuak dira eta Agerrako Pikabea Harategian egingo dira. Izena emateko orduan izena, abizena, telefono zenbakia eta NANa erakutsi beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun