Joan den astean Lezkairuko txapelketa irabazi ondotik, asteburu bero honetan koxka bat goitiago egin eta Errenterian Beti-Ona futbol taldeak seigarren urtez Jose Miguel Jaurrieta zenaren omenez antolatutako futbol torneo entzutetsua irabazi du 2010ean sortutako alebinen Beti Gazteko taldeak. Gainera, Kemen Mitxelena txapelketako jokalari onena izendatu dute eta, berekin batera, Markel Iratzoki ere txapelketako talde onenean sartu dute.
Denera hemezortzi taldek jokatu dute txapelketa, gehienak Gipuzkoakoak (tartean Erreala, Touring, Vasconia edo Hernani bezalako talde indartsuak), baina baita Arabako Laudio eta Errioxako Juventud Calahorra ere. Seiko hiru multzotan banatu dituzte eta larunbat arratsaldean eta igande goizean jokatutako lehen fasean, bortz partidetatik lau irabazi ditu Beti Gaztek: 3-1 Beti Ona C taldeari, 3-0 Laudiori, 9-0 Internacional taldeari eta 4-3 Hernaniri eta bakarra galdu du, Lazkao taldearen kontra (1-2). Multzoko bigarren izanik, igandean bigarren fasean 1-0 irabazi dio Beti Ona A taldeari, 7-0 Hondarribiari eta 6-0 Beti Ona B taldeari. Gauzak honela, final laurdenetarako sailkatu eta 4-0 irabazi dio Oriokori, finalerdietan 2-0 Juventud Calahorrari eta final handian, 3-1 irabazi dio lehen fasean menpean hartua zuen Lazkaori.

Txapelketa irabazteaz gain, erran bezala, Beti Gazteko Kemen Mitxelena Zubieta lesakarra izendatu dute txapelketako jokalari onena eta Markel Iratzoki Agirre etxalartarra ere txapelketako talde onenean sartu dute.