Ados pilota elkartearen sanferminetako pilota txapelketako finalerdietarako txartelak Lesakan banatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 20a

Ortziralean jokatutako jaialdian, Aldaregia eta Mujikak eta Arrieta eta Mendiburuk egin dute aitzinera

Sanferminetako emakumeen pilota txapelketa antolatu du aurten lehen aldiz Ados pilota elkarteak. Sei bikote hasiak dira lehian eta finala uztailaren 5ean Labriten jokatuko dute, ANELA elkartearen alde. Aitzinetik, final laurdenetako bi partidak Lesakako udal pilotalekuan jokatu dituzte ekainaren 17an, ortzirale honetan.

Bero handia egiten zuen pilotalekuan eta ez zen erraza izan zen pilotarientzat, baina zuten guztia eman eta partida borrokatu eta gogorrak jokatu zituzten. Lehenbizikoan, Aldaregiak eta Mujikak lortu zuten finalerako txartela, Irantzu Iantzi beratarrari eta Osesi 22-16 irabazita. Bigarren partidan, Arrietak eta Mendiburuk 22-17 irabazi zieten Ruiz de Infante eta Naroa Agirreri.

Gauzak honela, igande honetan, ekainaren 26an Eulaten jokatuko den finalerdian, Naroa Etxekolonea zubietarra eta Ruiz de Larramendi, Aldaregia eta Mujikaren kontra ariko dira eta uztailaren 1ean Erratzun, Iera Iturriaga leitzarra eta Orbegozo, Arrieta eta Mendibururen kontra.

 

Finaleko jaialdi berezia uztailaren 5ean Labriten

Finalerdietako irabazleek uztailaren 5ean Labriten jokatuko dute finala. Emakumeez gain, pilotari profesional izandako gizonezkoen arteko pilota partida erakargarria ere izanen da jaialdian: Titin III.a eta Goñi III.a, Oinatz Bengoetxea VI.a leitzarraren eta Armendarizen kontra. Finaleko jaialdi honetan lortzen den diru guztia ANELA elkartearentzat izanen da eta sarrerak ere elkarte honen webgunean eros daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun