Uda giroa

Udako solstizioko besta berriz ere bor-bor dator gaur Lesakara

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 23a, 13:30

Suaren inguruan sanferminetarako entsegua ere eginen dute Lesakako ezpatadantzariek.

Bi urteko geldialdiaren ondotik, udako solstizioko besta eginen dute gaur Lesakan, Gu hemen, zuek hor, euskararen alde bor-bor goiburupean. Beti bezala, bertsoak, dantza, sua, musika eta jatekoak eta edatekoak izanen dira.

Ortzegunean 18:00etan taloak izanen dira, Tantirumairu ikastolako gurasoen eskutik; 19:30ean Lesakako bertso-eskolakoak ariko dira kantari, Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena irakurriko dute, eta sua piztuko dute, nolabait batzordearen lekukoa hartuko duen Bor-Bor Euskaltzaleen Mugimenduaren eskutik. Eta hain zuzen ere, bi horiek izanen dira aurtengo omenduak, Lesakako Euskara Batzordea bere hamarkadetako ibilian euskarari eta herriari egindako ekarpenagatik, eta Bor-Bor euskaltzaleen mugimendua, euskararen sua itzal ez dadin eta etengabe piztu dezagun. Ezpata-dantzari taldeak entsegua ere eginen du sanferminei begira. Ondotik, herri afaria izanen da, norberak eramandakoarekin. Euskara Batzordearen kontu izanen dira mahaiak eta aulkiak eta plazan bertan izanen da edaria. Afaldu eta gero zozketa eginen dute eta 21:30ean dantzaldia izanen da Gabenara taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun