Landa inguruneko haurren neuroerrehabilitazioari buruzko ikastaroa eginen dute irailean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 16a

Ikastaroaren azken egunean ur azpiko hidroterapiaz hitzaldia eta tailerra eginen dute Lesakako igerilekuan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Lesakako osasun zentroa antolatu dute, Lesakako udalaren eta Bortzirietako Guztiok elkartearen laguntzarekin, irailaren 19tik 24ra

Landa inguruneko haurren neuroerrehabiltazioa udako ikastaroa antolatu dute Nafarroako Unibertsitatea Publikoak eta Lesakako Osasun Zentroak (Osasunbidea), Lesakako udalaren eta Bortzirietako familien Guztiok elkartearen laguntzarekin. Irailaren 19tik 24ra emanen dute ikastaroa Lesakako kiroldegian eta dagoeneko izena eman daiteke.

Ikastaroan, Nafarroako landa eremuan egiten diren neuroerrehabilitazio jardueren berri eman eta haien garapenean aurreratu nahi dute.  Horretarako, neurogarapeneko nahasmenduak dituzten haurrak zaintzearren Nafarroako Gobernuak emandako jarraibideak landuko dituzte lau egunez, eta haurren familiakoek halako haurren senitartekoentzako elkarteen bidez bilatu ohi dituzten jarduera osagarriak ere izanen dituzte.

Haur txiki-txikiak tratatzeko etapatik hasiko dira, 0 eta 3 urte bitarteko haurretatik, eta, gero, adinean goiti eginen dute: haur koxkorragoak, lehen eta bigarren hezkuntzakoak eta, hala, heldu bihurtzeko trantsizio etaparaino.

Hizlariak administrazio publikoko osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte ongizatearen arloko langileak izanen dira, baita entitate pribatuetako profesionalak ere; batzuk halako nahasmenduak dituzten haurren senitartekoen elkarteetakoak; bertze batzuk, ez.

Neurogarapeneko nahasmenduak dituzten haurrak tratatzeko berritasunak ezagutzera eman nahi dituzte, bai esku hartzeko teknika berriak bai halako nahasmenduak detektatzeko, baloratzeko eta tratatzeko protokoloen egokitasuna.

Azkenik, haurren patologia mota horien diagnosiaren eta tratamenduaren zenbait alderdiren berri eman nahi dute, eta horri buruzko ikerketa bultzatu.

 

Egitaraua

Irailak 19, astelehena

16:00etatik 18:00etara 0-3 urte bitarteko haurren neurorrehabilitazioa. Fase berri bat fisioterapiarentzat hitzaldia emanen du Jesús Vaca, Nafarroako Gobernuko Arreta Goiztiarreko Zentroaren zuzendariak.

18:00etatik 20:00etara  hidroterapia tailerra izanen da 0-3 urte bitarteko haurrentzat eta nola koordinatu aretoko terapiarekin azalduko dute Cristina Mendive Santos eta Andrea Domínguez Basartek.

Irailak 21, asteazkena

16:00etatik 18:00etara Eskolako haurren neuroerrehabilitazioa hitzaldi-tailerra emanen dute CREENAko motorikoen moduluko Marta Redondasek eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleku haurren errehabilitazioko medikuak. 18:00etatik 20:00etara, 3-6 urte bitarteko haurren errehabilitazioaz ariko dira Maddi Urra Albizu eta Ainara Orabengoa Elizondo.

Irailak 23, ortziralea

16:00etatik 20:00etara Neurogarapeneko nahasmenduen tratamendu integrala izanen dute hizpide Mercedes Mendiburu neuropsikologoak eta Ane Pacheco logopedak eta Konektoma proiektuaz ere ariko dira.

Irailak 24, larunbata

09:00etatik 10:00etar Neuroerrehabilitazioko teknika berriak: ur azpiko hidroterapia, unibertsitateko berrikuntza proiektua hitzaldia emanen dute Natalia Dominguez Sanz hidroterapeuta eta ur azpiko hidroterapiako adituak, Ana Mari Insausti Serrano medikuak eta Miguel Carabantes Rodriguez, FEDAS-CMAS 2 estrellas (IN2E) elkarteko urpeko igeriketako irakasleak.

10:00etatik 13:00etara Ur azpiko hidroterapia, neuroerrehabilitazio modu berri bat tailerra emanen dute igerilekuan Natalia Dominguez Sanzek eta Miguel Carabantes Rodriguezek.

Norentzat

Osasunaren arloko profesional eta ikasleentzat (fisioterapeuta, terapeuta okupazional eta neuropsikologoentzat), hezkuntzako profesionalentzat, pedagogo terapeutikoentzat, orientatzaileentzat, kiroletako monitoreentzat eta neurogarapeneko nahasmenduak dituzten seme-alaben tratamenduan proaktiboki diharduten senitartekoentzat.

Ikastaroaren zuzendariak

Ana Mª Insausti Serrano doktorea, medikua eta NUPeko Osasun Zientzien Saileko Anatomiako irakaslea.

Natalia Domínguez Sanz, fisioterapeuta eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakaslea.

Belén Compains Beaumont doktorea, Lesakako Osasunbideko zentroko pediatra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun