Organo eta bortz kantu bakarlariren emanaldia izanen dute igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 15a, 14:00
Igandeko hondarreko kontzertuaren ondotik, uda honetan ekinen diote Lesakako Roqués organoaren zaharberritze lanei.

San Martin elizan 19:00etan hasiko da Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak antolatutako kontzertua

Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak udalaren laguntzarekin, 2022. urteko bigarren kontzertua antolatu du ekainaren 19an, igandean 19:00etan elizan. Sarrerak  Telletxea eta Xagu liburu-dendetan eros daitezke (baita elizan ere), bortz eurotan, borondatezko ekarpen gisa. Organista (Ana Belen Garcia) eta Easo Abesbatzaren Easo Musika Eskolako bortz kantu bakarlari gazte (Agate Pagola, Luken Munguira, Lorea Lopez, David de Oliveira eta Maria Jaunarena) ariko dira.

Kontzertu honen helburu nagusia EASO Abesbatzaren Easo Musika Eskolak kantu bakarlariaren espezialitatean egindako prestakuntza-ibilbidea erakustea eta balioestea da. Ibilbide hori kantu koral eta instrumentalaren hezkuntza-eskaintza osatzeko sortu zen. Agertokia ikasgelaren luzapentzat hartuta, errezitaldi horiek hagitz pizgarri dira ahots gazte horien heldutasun artistikorako.

Organoaren zaharberritze lanak hasiko dira uda honetan

Kontzertu honekin itxiko da AAORL elkarteak azken hiru urteetan Lesakako kultura, gizarte eta prestakuntza bizitzan organoa elementu aktiboa izan dadin egin duen jarduera zikloa, instrumentua zaharberritzeko lanak hasi aitzinetik, udarako aurreikusita baitaude.

Lanek urtebete inguruko iraupena izanen dutela aurreikusi dute. Aldi horretan ezin izanen da instrumentua erabili eta, beraz, AAORL elkarteak behin-behinean eten eginen du kontzertuen antolaketa, eta zaharberritzea bukatzen denean berriro hasiko dira. Hala ere, MECNA (mezenasgo-kanpaina) bidez ekarpenak jasotzeko kanpainarekin segituko du une oro.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun