'Lumineszenteak' erakusketa ikusgai izanen da Lesakan ekainaren 16tik uztailaren 3ra

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 15a, 13:00
Irantzu Pastor argazkilaria eta Igone Mariezkurrena kazetaria, lakota nazioko hiru emakumerekin.

Igone Mariezkurrena kazetariaren eta Irantzu Pastor argazkilari lesakarraren lana Harriondoa kultur etxeko komentuan paratuko dute

Ekainaren 16etik uztailaren 3ra arte Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko konbentuan Lumineszenteak erakusketa egonen da ikusgai, Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariaren eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilari lesakarraren proiektua. Lesakako udalak eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatu dute erakusketa, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarekin.

Lumineszenteak proiektuak diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza historiak eta irudiak biltzen ditu. 2018tik 2021era, Palestinan, Indian, lakota nazioan eta Euskal Herrian bertatik bertara dokumentatutako narrazioak eta material grafikoa dakartza. Liburuak 63 emakumeren testigantzak eta erretratuak jasotzen ditu. Erakusketa homonimoak horietako 24 biltzen ditu. Egileek 2021eko urriaren 13an aurkeztu zuten Lumineszenteak proiektua: liburua (bi edizio, hizkuntza banatan) eta erakusketa (elebiduna).

Aurkezpena ortzegunean 19:30ean

Erakusketaren aurkezpena ekainaren 16an, ortzeguna, izanen da, 19:30ean. Asteartetik ortziralera 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era ikusgai izanen da, larunbat eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Astelehen eta ortzegunetan itxita egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun