Lesaka eta Berako mugan hasi, eta Hondarribira bitartean garbituko dute Bidasoa, ibaiko hainbat puntu zehatzetan. 09:00etan hasi eta 12:00ak arte eginen dute garbiketa, batzuk oinez ibaian sartuta, eta bertzeak uretan kayak, piraguak, paddle surf taulak edo surf taulak erabiliz.
Bi modalitatetan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da @recicla_birziklatu instagram kontuan, recicla.birziklatu@gmail.com helbidera mezu bat bidalita, edota jarduera eginen den herrietako udaletxera bertaratuta. Izena ematerakoan zehaztu beharko da zein modalitatetan parte hartu nahi den.
Beratarrak eta Lesakarrek gune berean eginen dute garbiketa. 09:00etan egina dute hitzordua San Migel zubian. Garbiketa egiteko beharrezkoak diren eskularruak, poltsak eta materiala antolakuntzak paratuko ditu.
12:30etan hamaiketakoa eta bildutako zaborraren erakusketa izanen da Irun eta Hendaia arteko oinezkoentzako zubian. Beran, Zalain parean autobusa paratuko dute bertara joan eta itzultzeko.