Giro ederrean jokatu dute Arantza Rocken aldeko pilota txapelketa larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 13a, 16:30
Helduen eta haurren kategoriako bikote irabazleak eta bigarrenak (Amets Madariaga falta da). Argazkia: Arantzako Gazte Asanblada.

Helduen kategorian Iñaki Oskoz eta Gaizka Otxandorena izan dira garaile. Haurretan, berriz, Ander Etxegarai eta Oihan Leiza.

Arantzako Gazte Asanbladak antolatua, Arantza Rocken aldeko pilota txapelketa egin zuten larunbatean herriko frontoian. 09:00etan bildu ziren bertan eta bikoteka jokatu zituzten partidak. Hasiera batean hamabi bikote aritu behar baziren ere, azkenean hamaikak bakarrik jokatu zuten helduen kategorian. Ttikietan, berriz, bi bikotek parte hartu zuten.

Arratsaldean izan zituzten finalak eta ondotik sari banaketa egin zuten. Helduen kategorian Iñaki Oskoz eta Gaizka Otxandorena izan ziren garaile eta Ibai Erasun eta Patxi Loiarte bigarren. Haurren kategorian, berriz, Ander Errandonea eta Oihan Leiza izan ziren txapeldun eta Iker Arozena eta Amets Madariaga bigarren. Zorionak!

Frontenis txapelketa

Arantza Rocken aldeko Frontenis txapelketa abuztuaren 5ean eginen dute, eta izena uztailaren 2a baino lehen eman beharko da. Hau ere bikoteka izanen da eta bikoteko zortzi euro ordaindu beharko dira. Kasu honetan ere, esku dirutan edo Bizum bidez egin ahal izanen da ordainketa eta parte hartu nahi dutenek 689 13 50 27 telefonora deitu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun