2010ean eta 2011n jaiotako alebin mailako futbolariei zuzendutako futbol txapelketak antolatu zituzten ekainaren 11n, larunbatean Lezkairun (Iruñea). Lesakako Beti Gaztek bi talde zelairatu zuen, bakoitza bere adineko txapelketan eta biek ere emaitza bikainak lortu zituzten. 2010eko alebinak txapeldun izan ziren eta 2011koak hirugarren. Argazkia: Odei Mendizabal
2010ean jaiotako futbolariei zuzendutako txapelketan jaun eta jabe izan zen Beti Gazte, txapelketako partida guztiak nagusitasunez irabaziz (finala ere 5-0 irabazi zion Valle de Egues taldeari). Txapeldun izateaz gain, Etxalarko Markel Iratzoki Agirre taldekideak jokalari onenaren saria ere jaso zuen.
2011n jaiotakoen taldeari dagokionez, lehen fasean hiru partidetatik bi irabazita bigarren izan ondotik, finalerdietako arauzko denboran berdindu eta penalti jaurtiketetan doi-doi galdu zuten finalerako txartela. Hirugarren posturako lehian ere berdindu egin zuten, baina oraingoan, aldiz, penaltien loteria alde izan zuten Beti Gaztekoek eta hirugarren bukatu zuten.