Luchongo triatloiko podiumera igo dira Beti Gazteko bi kirolari

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 13a, 13:00

Ariako Jon Urra bigarren izan zen eta Lesakako Bixente Igarzabal hirugarren eta biak eskutik helduta helmugaratu ziren

Luchongo (Frantzia) triatloi gogorra jokatu zen ekainaren 11n. Kirolariek, hasiera batean 1,2 kilometro egin behar izan zituzten igerian, baina alga plaga batengatik 400 metro egin zituzten (ura 13 gradutan zela, hori bai), 94 kilometro bizikletan (2.713 metroko desnibel positiboarekin) eta 16,8 kilometro lasterka, 855 metroko desnibel positiboarekin. Beti Gazteko hiru kirolari joan ziren eta horietatik bi podiumera igo ziren: Ariako Jon Urra eta Lesakako Bixente Igarzabal bigarren eta hirugarren izan ziren eta eskutik helduta helmugaratu ziren, Garona Team Triathlon taldeko Jérôme Save irabazlearen ondotik. Iñaki Igoa lesakarrak, meritu handiko 66. postua eskuratu zuen.

Save irabazleak 5 ordu, 25 minutu eta 11 segundo behar izan zituen proba burutzeko. Ion Urra eta Bixente Igarzabalek, podiumera igo ziren Beti Gazteko ordezkariek, 5 ordu, 44 minutu eta 36 segundo behar izan zituzten. Urrak 9 minutu eta 32 segundo behar izan zituen igeriketako zatia bukatzeko, 3 ordu, 40 minutu eta 39 segundo bizikletakoa egiteko eta ordubete, 54 minutu eta 23 segundo lasterka. Igarzabalek 11 minutu eta 33 segundo egin zituen igerian, 3 ordu, 38 minutu eta 37 segundo bizikletan eta ordubete, 54 minutu eta 24 segundo lasterka. Iñaki Igoak, bere aldetik, 8 ordu, 7 minutu eta 47 segundo behar izan zituen, 66. postua eskuratzeko (9 minutu eta 31 segundo igerian, 4 ordu, 34 minutu eta 47 segundo bizikletan eta 3 ordu, 23 minutu eta 28 segundo lasterka).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun