[GUTUNA] Herritar talde batek auzolanean egindako lorategia desegin dute Altzateko bestetan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 13a, 19:00

Beran lorategia auzolanean sortu duten taldeko kide M Jose Unsión, Manolo Echave, Ixa Ordoñez eta Sagrario Telletxeak talde osoaren izenean gutuna bidali dute TTIPI-TTAPAra salatzeko asteburuan lorategia deseginda agertu dela. Komunitarioaz eta publikoaz hausnartu beharra nabarmendu dute auzolanean aritu diren herritarrek.

Hamabortz bat herritarrek maiatzaren hondarrean lorategia egin genuen, auzolanean, Berako Julio Caro Baroja karrikan, Berako Herriko Etxearen laguntzarekin. Hondarreko bi asteburuetan besta-giroan zen lagun talde txiki batek lorategia desegin du. Lehenbiziko asteburuan landare aunitz bere lekutik atera zituzten eta inguruko zelai eta etxeetara bota. Landareak berreskuratu eta berriz landatu genituen. Altzateko bestetako ortziraletik larunbaterako gauean, bigarrenez, desegin dute lorategia. Oraingoan triskantza erabatekoa izan da, eta herritar talde batek auzolanean egindakoa desegin dute.

Auzolanean aritutako bizilagunek hausnarketa beharra azpimarratu nahi dugu. Ez da berria gertatutakoa. Bestak dauden aldiro agertzen dira deseginak herri-altzariak, zaborrontziak, bide-seinaleak, eta herriko zein norbanakoen loreak. Zernahi. Oraingoan, hainbertze maitasunez eta lanez herritar talde batek, udalaren laguntzarekin egindako lorategiari egokitu zaio. Eta ezin dugu ez ulertu, ez onartu.

Ongi pasatzea gauzak desegitea eta hondatzea baldin bada, bertze herritar batzuek egindakoa haustea bestarekin lotzen bada, oker gabiltza. Denen ondasuna, guziona dena, publikoa deuseztatzeak denoi egiten digu kalte. Euskaraz bada esaldi bat: denon astoa, goseak hil. Bada ez, denon astoa, denon artean zaindu behar dugula aldarrikatu nahi dugu.

Denen ondasuna, guziona dena, publikoa deuseztatzeak denoi egiten digu kalte

Jarrera hauek errespetu falta ikaragarria izateaz gain, horien guztien konponketak dakarren lana eta kostua izugarria dela ikusarazi nahi dugu, eta horretara bideratzen den dirua ezin da bertze gauza batzuk egiteko erabili. Ondasun publikoak herritar guztienak dira, denok gozatzekoak. Baina horiek zaintzea eta mantentzea ere denon lana eta ardura da. Aberastasun izugarria dugu gure herrian. Gauzetako aunitz auzolanean eginez lortu dira, hamarkadaz hamarkada herritarrek euren eskuekin eta ahaleginarekin aitzinera ateratakoak, eta ezin dugu alferrik galdu aberastasun hori. Eta horregatik heldu genion lorategiak auzolanean egiteari, herria txukunago ikusi nahi dugulako, bizigarriagoa, adin guztietako pertsonentzako atseginagoa eta erosoagoa izan dadin. Bera bizitzeko toki on bat dela sinisten dugulako, baina hobea izatea nahi dugulako. Eta gure herriaz harro sentitu nahi dugulako.

Hainbertzeko ausardiaz lorategia desegin dutenei, ausardi beraz, aurpegia eman eta egindako kaltea konpontzeko borondatea agertzeko eskatu nahi diegu, gurekin batera, auzolanean, lorategia moldatuz. Hori bai litzateke gizalegez aritzea.

Eta gainerako herritarrei ere inplikazioa eskatu nahi diegu, horrelako sarraskiez lagunartean eta etxeko giroan solastatuz, komunitario eta publikoaren garrantziaz etxean bertan heziz, eta baliabideak denonak direla eta zaindu behar ditugula ikusaraziz. Eta horrelako jokabideak ikusiz gero, salatuz. Denon artean egiten badugu, denok hazia paratzen badugu, gaur errotik ateratako landareak direnak, bihar lorategi ikusgarriak izan daitezen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun