Ia 300 mendizalek parte hartu dute Lesakako XV. Mendi Itzulian

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 13a, 09:00

295 mendizalek parte hartu zuten igandean Beti Gazte elkarteak, Lesakako udalaren eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioaren laguntzaz, hamabosgarren aldiz antolatutako Lesakako Mendi Itzulian.

Horietatik gehienek, 194k, ibilbide laburrena aukeratu zuten, 23 kilometrokoa eta 1.415 metroko desnibel positiboa zuena. Lesakako plazatik abiatuta, Amargun, Alasta, Ilasmendi, Agiña, Elutxa, Pagolleta eta Sastrin barna bueltatu ziren herrira. Bertze 101ek, berriz, 30 kilometroko ibilbidea egin zuten, 1.825 metroko desnibelarekin. Hauek ibilbide berdintsua zuten, baina Elutxatik Artikutzara jautsi eta eta Amekarrungo atakan barna berriz ere ibilbide laburrarekin bat egin zuten Pagolletan.

Goizean euri zaparrada batzuk harrapatu zituzten ibiltariak, baina eguraldi polita eta epela izan zuten gainerakoan eta antolaketa bikaina azpimarratu zuten mendizaleek. Beti Gaztek, bere aldetik, boluntarioen lana azpimarratu nahi izan du, beraiek gabe ezin izanen baitzen horrelako ekitaldi bat aitzinera atera eta eskerrak eman dizkie bai parte-hartzaileei baita lanean aritu zirenei ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun