Lesakako Sanferminak iragarriko dituen kartela eta besten programako azala eta kontrazalean joanen diren irudiak aukeratu dituzte dagoeneko. Karteletan, Alkaiagako Ane Matxikote Etxeberriaren lan bat saritu dute, Bueltan Gaude goiburua daramana. Bortz lan aurkeztu dituzte lehiaketara. Programaren azalerako lehiaketara ere bortz lan aurkeztu dituzte eta hemen ere, izenburu bera duen Ane Matxikoteren bertze lan bat aukeratu dute.


Bakoitzarengatik, 250na euro eskuratuko ditu saritzat
Herrian Lehen Hezkuntza ikasten duten ikasleei zuzendutako programaren kontrazal lehiaketara, berriz, 153 lan aurkeztu dituzte eta horien artean, Aroa Arozena Tapiaren Zubi Dantza aukeratu dute irabazle. Honek, 100 euroko bonua izanen du saritzat, herriko dendetan eskolako materiala erosten erabiltzeko, bere lana programaren gibeleko azalean argitaratua ikusteaz gain.
Liburutegian egindako erakusketan herritarrek emandako bozkekin aukeratu dira aurten ere Sanferminetako irudi irabazleak. Erabaki honekin, eta hilabete eskas falta dela, besta usaina sumatzen hasia da herrian. Besta Batzordeak ere lehen bilerak egin ditu eta lotuxeak ditu uztailaren 6tik 10era egitarauaren xehetasunak.
