Pandemia hasi zenetik, «jende aunitzek» bisitatzen du Arantza eta inguruko mendiak, «egoera ona da baina batzuetan jende sobera ikusten da».
Putzubeltza da leku bisitatuenetariko bat, «masifikatu egiten da eta turismoa erregulatzeko ibilgailuen pasoa mugatzen duen ordenantza egin dugu. «Mendaur da hagitz bisitatua den bertze leku bat». Asteburuetan «urte osoan» joaten da jendea, «baina uda partean jende gehiago etortzen da». Bisitariak euskaldunak dira gehien bat; «nafarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak».
Arantzako Aterpeak eta Euskara Mankomunitateak «ekitaldi kultural aunitz» antolatzen dituzte, «batez ere herrikoentzako izaten dira, baina talde ezagunen kontzertuetan kanpoko jendea ere etortzen da». Herriko beharrei dagokienez, «duela bi urte planteatu genuen nolako turismoa nahi genuen, eta gure erabakia duguna hobetzea izan zen; mendiko ibilbideak hobeki markatu eta txukundu, herri sarreran panel bat paratu dugu, webgunera informazioa igo dugu… ez dugu publizitaterik egin nahi izan masifikazio arriskua ikusten dugulako».