Dantzari Ttiki eguna ospatuko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 9a, 10:00
Kanpotik etorritako hiru dantza talde, eta Berako dantzariek hartuko dute parte larunbatean.

Dantzari Ttiki eguna antolatu du larunbatean, ekainaren 11n Berako Gure Txokoa Dantza Taldeak. Herriko dantzariak eta Nafarroatik eta Gipuzkoatik etorritako hiru talde ariko dira: Berriozarko Hulargi, Beasaingo Aurtzaka eta Ibarrako Alurr.

10:00etan ailegatuko dira dantzariak herrira, eta 10:30ean aterako dira hiru taldetan banatuta Berako karriketan dantza egitera. Talde bat Agerra auzora joanen da, bertze bat Legian barrena, San Esteban karrikara eta Burga plazara, eta azken taldea lehenengo zahar etxera handik Eztegara pasealekuan barrena Ugalzubia karrikara eta Matzadara. 

Talde guztiak 12:000etan elkartuko dira Iamotenean, eta handik denek batera kalejira eginen dute Merkatu Plazara. 12:30ean jaialdia eginen dute bertan. Eguraldi txarra bada, aldiz, jaialdia Eztegara pilotalekuan izanen da. 

Ondotik, kanpotik Berara joandako dantzariak Berako haurren etxeetara joanen dira bazkaltzera eta eguna bukatzeko 16:00etan hasita Jeiki Hadi taldearen eskutik erromeria izanen da Labiaga ikastolako estalpean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun