GUTUNA: Lesakako txosnak denontzat

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 8a, 09:30

GKS Gazte Koordinadora Sozialistako kide Beñat Iantzi Etxartek eta Eñaut Iparragirre Zinkunegik gutuna idatzi dute, eta salatu dute Lesakako txosna batzordeak ez diola GKSri txosnen parte izaten utzi, eta bertatik kanporatu dituztela. 

Urte aunitz dira Lesakan zein Euskal Herriko bertze hamaika txokotan eragile ezberdinek txosnak jartzen dituztenetik. Instituzioetatik kanpo antolatzen garen eragileontzat ezinbertzeko bitartekoa dira txosnak gure jarduna aitzinera ateratzeko. Sozializazio espazio garrantzitsua izateaz aparte, jardun politikoa gauzatu ahal izateko sustengu ekonomikorako beharrezko erreminta dira.

Minimo batzuen baitan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituz eragile desberdinak osatu dituzten espazio irekiak izan dira txosnak. Eta Nafarroan aski ezagunak diren alderdi, udaletxe eta gobernu faxisten debeku saiakeren aitzinean txosnak jartzeko eskubidea izan da hamarkadetan zehar eragile horiek izan duten aldarrikapena. Txosna jartzeko eskubide  hori da hain zuzen ere GKS-ri ezeztatu zaiona. Baina kasu honetan ardura ez da UPNrena izan, ez. Ezker Abertzalea eta Lesakako udala gobernatzen duten EH Bildu izan dira oraingoan minimo politikoak deuseztatu dituztenak. 

Honakoak izan dira gertakariak: txosna batzordean sartzeko interesa agertu genuenean, Sorturen aginduz GKS-k txosnetan parte hartzea debekatua zeukala erran ziguten, eta hala, bigarren proposamen bat egin ziguten txosna batzordetik: zortzi orduko txanda bat egitea xox batzuen truk, baina ez eragile moduan, eta beraz, GKS-ri txosna batzordeko erabakietan parte hartzea, txanda gehiago egin ahal izatea propaganda jartzea eta abar ukatu zaio. Hau da, beraien menpe jarri, beraien baldintzak onartu eta GKS inbisibilizatzea izan dute helburu. Bi aukera eman dizkigute beraz: onartezina den proposamen bat onartzea edota txosnarik gabe geratzea. Eta modu horretan, orain artean espazio irekia izan den txosnagunea pribatizatu du Ezker Abertzaleak. 

Debeku honen harira EH Bildu betetzen ari den papera are eta larriagoa iruditu zaigu. Egoeraren jakitun izan arren, txosnaguneko kontuetan ez direla sartuko erran digute, eta bertze espaziorik erabiltzea ez digutela baimenduko. Txosnagunearen izaera itxia, txosnagunearen pribatizazioa onartu du eta GKS-ren gaineko debekua baimendu.

Agerian geratu da EH Bilduk Sorturi ematen dion mesedezko tratua, ustelkerian ere pentsarazten duena: bere parte den Sorturi espazio publiko baten erabilera baimentzen dion bitartean, gainerako eragileei eskubide bera ukatzen digute. 

Ezker Abertzaleak gauzatu eta EH Bilduk udaletxetik babestu duen mugimendu politikoak helburu eta ondorio zuzena izan du: GKS txosnarik gabe uztea. Euskal Herriko hainbat lekutan ere txosnetatik kanporatuak izaten ari gara Ezker Abertzalearen aginduz, eta bereak eta bi egiten ari dira gure mugimendu politikoari baliabide ahalik eta gehien kentzeko. Arrazoia? Beraienarekiko kontrajarria den programa politikoa defendatu eta gure jarduna independentzia osoz gauzatzea. 

Deigarria da Ezker Abertzalea garatzen ari den izaera antikomunista, eta zertara iristeko gai den gure mugimenduaren aurkako ekinaldi horretan. Egunkarietan «minimo demokratikoez«, «pluraltasun politikoaz» eta «elkarbizitzaz» ari diren bitartean, kalean kontrakoa adierazten duten jarrera erreakzionarioak erakusten dituzte. 

Gure paretik, egoera onartezin hau salatzeko beharra ikusi dugu eta txosnetan parte hartzeko eskubidea dugula azpimarratu nahi dugu berriz ere. EH Bilduren eta bere baitako indar nagusia den Ezker Abertzalearen erabaki aldaketan aurkitzen dugu egoeraren irtenbidea: edo orain arteko txosnagunea denontzako espazio bat bilakatzen da berriz, edo espazio berri baten erabilera baimentzen digute. Nahi duguna gainera eragileen eskubide berdinak izan eta txosna jartzeko eskubidea errespetatzea da. Hala gertatzen ez bada ere, aitzinera segituko dugula jakinarazi nahi dugu, ez gaituztela kikilduko eta, zailtasunak zaitasun, sozialismoaren eraikuntzan segituko dugula determinazioz. 

Sinatua:

GKSren izenean, Beñat Iantzi Etxarte eta Eñaut Iparragirre Zinkunegi

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun